Madril kanpoaldean kokatua dagoen Valdemingomezeko erraustegiaren aurka, minbizia duten 36 gaixoek aurkezturiko salaketa tramitera onartu du, bertako 49 zenbakidun epaitegiak. Ez hori bakarrik. Madrilgo erkidegoko Ingurumen Saileko kargu altudun ohi bat ere deklaratzera deitu du martxoaren 10erako, Valdemingomezeko erraustegiari ingurumen baimena eman baitzion 2008. urtean, antza, aldez aurretik, Tirmadrid SA jabeari ingurumen arloko eraginei buruzko azterketarik eskatu gabe.
Lehen aldia da, erraustegi honi loturiko halako ikerketa bat abiatzen duena epaitegi batek. Aipatu moduan, erraustegi honetatik gertu kokatzen diren auzuneetako bizilagunen artean areagotu diren minbizi kasuekin duen lotura epaituko baita. Epaileak eskuartean ditu, erraustegiak isurtzen dituen ke toxikoek eragindako kalteei buruzko ingurumen eta epidemiologia txostenak.
Salaketa aurkeztu duen herritar taldeak artean, Valdemingomezeko erraustegia eta zabortegiak itxi eta zero zabor irizpideetan oinarrituriko hondakinen tratamenduak sustatzea eskatzeko, sinadurak biltzeko kanpaina abiatu du. Bildutako sinadura eta eskaerak Madrilgo Udalera eta erkidegoko gobernura helaraziko dituzte.