Argiago ezin zuten esan. Erraustegiak inguruan bizi diren herritarrentzako gaixotasunen eta hilkortasun-tasaren areagotzea dakar. Baieztapen hau egiteko “bada nahikoa ebidentzia”. Ez diogu guk, osasun alorreko langileek, medikuek baizik. Eta haiena ez da iritzi soil bat, ondo baino hobeto egiaztaturiko ikerketa lan baten ondorio nagusia baizik.
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kideez ari gara. Duela gutxi, ikusmin handia eragin zuen Donostian egin zuten agerraldia eta asteazken iluntzean, Aire Garbia herri plataformak antolatuta Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxean eskaini zuten hitzaldia, taldeko kide Iñigo Suberbiola eta Maialen Berridi medikuek. Oraingoan ere ikusmina handia zen. Aretoa leporaino bete zen, lasartear, zubietar eta baita hitzordura gerturatu ziren hainbat usurbildarrez ere. Eserleku nahikoa ez zen denentzat. Gai honekiko dagoen kezkaren erakusle, zalantzarik gabe.
Arreta osoz jarraitu zuten kultur etxera gerturaturikoek, mediku taldeak emandako azalpenak. Gehienak adi-adi entzuten eta bat baino gehiago apunteak hartzen ikusi genituen. Ikerketa talde honek egin duen lanketaren edukiak mami asko baitu, eta datu kezkagarriz josia dago.
Kaltea, agerikoa
“Zer eragin du erraustegiak gure osasunean?” galderari erantzuten ahalegindu dira Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko medikuok. Erantzuna aurkitzeko azken 10 urteotako kalitate hoberena duten ikerketak aztertu dituzte. Ikerketa independenteak dira, inoren enkarguz eskatu ez direnak. Nazioarteko aldizkari eta guneetara jo dute informazio bila. Erraustegien inguruan bizi den biztanleria aztertu dute, inguruan erraustegirik ez duten biztanleriarekin alderatu, eta batu dituzten emaitzek baieztatzen dutenez, erraustegiak inguruan bizi diren bizilagunen osasunean eragiten du. Eta ez positiboki noski.
Segidan adibide batzuk. Erraustegiak jaioberrietan duten eraginari buruzko 14 ikerketa lan behatu dituzte; eta Lasarteko hitzaldian ziotenez, “lotura esanguratsua” aurkitu dute erraustegia eta jaioberrion osasunaren artean; sortzeko anomaliak tartean, batzuk hilkorrak. Biztanleria orokorrari buruzko ikerketetatik jasotako datuen arabera bestalde, erraustegiak gaixotasunen %3,5eko igoera eragiten du, 3 kilometroko eremuan. Erraustegiaren kokagunetik 10 kilometrotara ere gaixotasunen areagotzea ematen da.
Frantziako Besançoneko erraustegiari buruzko ikerlan bat ere aztertu dute. Gertu bizi direnen artean, nabaria da gaixotasunen intzidentzia. Frantziatik atera gabe, 4 departamenduetan 10 urtez eginiko ikerketa batek, erraustegi inguruetan linfomen igoera eman dela diote.
Nazioartean ospea duen Madrilgo Carlos III Unibertsitateak Espainian erraustegiak eta beste industriek herritarren osasunean duten eragina aztertu dute herrika. Erraustegitik 5 kilometro baino gutxiagora, mota guztietako tumoreen intzidentzia askoz handiagoa da.
Katalunian, Tarragonako Unibertsitateko ikertzaile talde batek, Bartzelonako erraustegiaren inguruko lurreko dioxina maila aztertu eta dioxina maila 10 aldiz handiagoa zela ondorioztatu zuten. Erraustegia egun itxita dago, eta halere, kutsadura maila altuagoa izaten segitzen du ingurune hark.
Toxikoak gorputzean, urte luzez
Erraustegia eta gaixotasun zein hilkortasun-tasaren areagotzea ukatzen duten bestelako ikerketa batzuk ere aztertu dituzte. Hemen, gertuan egin direnak esaterako. 2004. urtean Txingudin kokatzekoak ziren erraustegiaren inguruan, Eusko Jaurlaritzak eginiko lan bat tartean. Baita 2011n Zabalgarbiko erraustegiari buruz, Bilboko Udalaren enkarguz Euskal Herriko Unibertsitateak eginikoa ere.
Lanok behar besteko kalitatea ez dutela dio Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak. Euren arrazoiak azaldu zituzten, Lasarteko hitzaldian. Txingudin eraiki asmo zuten erraustegiaren inguruan, hondakinak errausteak minbiziarekin lotura nahiko ahula duela dio Jaurlaritzaren duela 12 urteko txostenak. Baina medikuok diotenez, dokumentua “ondo irakurrita, onartzen da” dioxinen kutsakortasuna handia eta kaltegarria dela.
Zabalgarbiko erraustegiari buruzko txostenak ere ukatu egiten du medikuon esanetan, hondakinen erraustearen eta osasun arazoen artean loturarik dagoenik. Baina hitzaldian ziotenez, bada kontuan hartu beharreko alderdi bat; 3 urteko tartean egin zuten ikerketa. Medikuon esanetan ordea, “3 urte oso denbora gutxi da, denbora askoz gehiago behar da”, 10 urte Nazio Batuen arabera, hondakinen errausketak herritarren osasunean duen eragina detektatzeko.
Eta oso modu argigarrian azaldu zuten kontu hau. Gogoan izan zuten, gorputzak gai toxikoen eraginpean jarri ostean, gantzetan metatzen joaten direla eta zailak direla ezabatzen. “Toxikotasuna urteetan mantentzen da”, eta urte asko pasa, epe luzera eragin dezaketela gaixotasunen bat. Gai toxiko hauen eraginpean behin bakarrik jarrita, behin kutsatuta alegia, urteak behar dira toxikotasuna ezabatzeko. Erraustegi batekin, kontuan izan, une oro egongo ginateke gai toxiko hauen eraginpean.
Mikropartikulak, arriskutsuenetarikoak
Gai toxikoez ari garela, erraustegiek airera zer gai isurtzen dituzten ere aztertu du Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak; batetik, denetariko gaixotasunak eragin ditzaketen metal astunak daude. Bestetik, minbizi eragile diren dioxina eta furanoak. Eta azkenik, mikropartikulak aipatu behar, txikiagoak izan arren, arriskutsuak baita. Horren erakusgarri, 1991-99 urte artean Iruñean eginiko ikerketa bat. Kutsadura maila handia ez duen hiriburu honetan Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak behatu ahal izan zuenez, mikropartikula toxiko gehien zeuden guneetan hilkortasuna ere handiagoa zen.
“Inor ez da gurekin kontaktuan jarri”
Ikerlan guztion arabera, argi da; Zubietan eraiki nahi duten erraustegitik gertuen bizi garen 46.000 lagun eta 10 kilometroko eremu barruan dauden 272.000 herritar, mehatxupen gaude. Ikerlari taldeak bildu duen dokumentazio guztia interesdun ororen eskuragarri jarri dute. Herritarrei informatzea eskatzen diete eta erraustegia bultzatu nahi dutenek osasuna lehenetsi beharko luketela irizten diote. Eusko Jaurlaritzak 1998an sinaturiko akordio batek dioena gogora ekarri zuten Lasarteko hitzaldian. Arreta izatearen printzipioa; zerbait osasunerako kaltegarria bada edo horren susmoa badago, hobe dela ez egitea.
Oihartzuna izan zuten mediku taldeak Lasarten esandakoek. Baina momentuz, entzungor eginez segitzen dute erraustegia eraiki nahi dutenek. Lasarteko hitzaldira bertaraturiko lagun batek galdetu zien medikuei, ia jendaurrean aurkeztu zituzten datu guztiok ezagutzeko interesa agertu ote duen Gipuzkoako Foru Aldundiak. “Inor ez da gurekin kontaktuan jarri”, izan zen medikuon erantzuna. Halere, prestutasun osoa agertu zuten, aukera sortuko balitz, Lasarten eginiko aurkezpena, errauste planta bultzatu nahian dabiltzanei azaltzeko.