6 multzo handietan sailkaturiko 118 ekimen gauzatu nahi ditu Usurbilgo Udaleko gobernu taldeak datozen lau urteotan, orain hasi eta 2020. urtera arte. Egitasmo guztiok eskuorri batean bildu dituzte. Eskuorria, ostegun iluntze honetan, Sutegiko auditoriora gerturatu direnek eskuratu ahal izan dute, hurrengo lau urteotarako gobernu programa aurkezteko antolatu den ekitaldian.
"Etorkizunari begirako iparra" markatu nahi du gobernu taldeak landu duen programa honekin. Bertan datozen 118 ekimenak, ez dira egitasmo isolatuak, Sutegiko aurkezpenean nabarmendu nahi izan dutenez. Elkarren osagarriak baizik. Datozen lau urteotan garatu nahi den herri proiektu bat islatu nahi izan dute bide orri berri honekin.
Gizarteratu duten gida modukoa, joan den maiatzeko udal hauteskundeetarako aurkezturiko programarekin, abenduan herri eragileekin eginiko bilera errondan jasotako ekarpenekin, eta udal gobernuak hilabeteotan azterturiko gaiekin osatu dute. Auzoak eta adin guztietako herritarrak eduki nahi izan dituzte kontutan. Bizikidetza, parekidetasun, jasangarritasun eta inklusibitate irizpideak aintzakotzat hartuta diseinatu dute.
Ezagutzera eman dutena, ez da egitasmoen zerrenda itxi bat, 2020ra arte gobernu taldeak dituen aurreikuspenak baizik. Hurrengo 4 urteotan, "bidean sortuko dira beste batzuk" Xabier Arregi alkateak Sutegiko aurkezpenean zioenez. Programa dinamikoa izatea nahi dute. Horretarako, programaren garapena gertutik segitu eta baloratzeko, hurrengo urrats eta planifikazioak zehazteko, Jarraipen Batzordea martxan jartzeko asmoa du gobernu taldeak.
Gardentasunez eta elkarlanean arituta gauzatu nahi dituzte egitasmo guztiok. Horretarako, eskura dituen baliabide guztiak jarriko ditu gobernu taldeak. Baina ez da aski izango.
Herritar eta eragileen inplikazioa, ezinbestekoa
Ekitaldira bertaratu direnen artean ziren, udal ordezkariak, herri eragile ezberdinetako kideak edota herritarrak. Guztiokin, norbanako, eragile eta erakundeekin elkarlanean aritzeko beharra izango dela nabarmendu du gobernu taldeak. Bide hau, "ezin du Udalak bakarrik egin". Herriko nahiz kanpoko eragile guztiekin lan egiteko prestutasuna agertu du gobernu taldeak.
Harreman horiek lantzen hasi nahi dute, baina horrek noski, alkateak zioenez, "herritar eta eragileen inplikazioa eskatzen du, ezinbestekoa da". Atzo eta gaur gobernuan nahiz oposizioan egon diren eta dauden udal taldeei egindako lanagatik eskertu eta denak, udal ordezkari, eragile eta herritarrak, "zuek bidelagun izatea nahi genuke" adierazi die alkateak.
6 lan ildo
118 ekimen 6 multzoetan banatuta. Honatx 2020. urtera arte gobernu taldeak landu nahi duten ildo nagusiak:
1-Herria: "gure espazioen erabileraren arautzeari eta baliabide naturalen babesari dagokiona".
2-Ongizatea: "usurbildar guztion ongizatea bermatzeari dagokiona".
3-Nortasuna: "Usurbilgo herritarren balore eta ezaugarriei dagokiona".
4-Usurbildarrak: "Adin eta gizarte ezaugarrien araberako politikei dagokiena".
5-Udal funtzionamendua eta herritarrekiko harremana: "Udalak herritarrei eskaini beharreko zerbitzua hobetzeko hartuko dituen neurriei dagokiena".
6-Etorkizuna: "Etorkizunako Usurbilgo herriaren eta herritarren oinarria gaur gaurkoz lantzen hasteko urratsei dagokiena".
Hurrengo egunotan zehazten joango gara zeintzuk diren gobernu taldeak iragarri dituen 118 ekimenak.