SEAD-en gaurko 40. urtemugarekin bat egin du Udalak

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 27a, 10:45

Larunbat honetan, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela 40 urte bete dira eta, "Usurbilgo Udalak bat egin nahi du gertakari historiko horrekin eta beste urte batez ere garbi erakutsi nahi du Saharar Herriarekin duen konpromiso tinkoa". Hala dio, asteartean egin zen osoko ohiko bilkuran, EHBilduk aurkeztu eta udalbatza osoak babestu zuen erakunde adierazpenak.

Konponbiderako deia

Saharar herriak "legez duen autodeterminatzeko eskubidea" aitortu eta aldarrikatzen du Udalak; Sahararako erreferendum bidezko konponbidea defendatzen du; saharar aktibisten aurkako jazarpena desagertu, saharar preso politikoak askatu eta 400 sahararren desagerpena argitzea eskatzen du; Espainiak duen erantzunkizuna bere gain hartzea; Tindufeko errefuxiatu-kanpamenduetan eta Marokok legez kontra okupatutako lurraldeetan lan egiteko konpromisoa berresten du; eta euskal herritarren lankidetza eskertzen du.

Kurduen aurkako indarkeria eteteko eskaera

Osoko bilkura berean kurduen aldeko mozio bat ere aho batez onartu zuen udalbatzak. Urtarrilaren 4an Turkiako Gobernuaren segurtasun indarrek hil zituzten Pakize Nayir, Fatma Uyar eta Sêve Demir emakume kurduak. "Hilketa politiko hau salatu eta dei egiten diegu koordinakunde nazionalei turkiar enbaxaden aurrean protesta ekitaldiak egin ditzaten eta gutunak bidal diezaizkieten hiru emakume ekintzaile kurduen hilketa gaitzesteko", udalbatzak aho batez onarturiko testuak dioenez.

Honez gain, hilketon arduradunek justiziaren aurrean erantzutea eta hilketa gehiagorik egon ez dadin eskatzen du Udalak. Baita, "hiri kurduetan amai dadila etxeratze agindua; indar militar eta paramilitarrak erretira daitezela hiri kurduetatik; su-etena eman dadila eta bake-elkarrizketak berriro hasi; pertsonek, baina batez ere emakumeek, pairatzen dituzten abusu, irain eta tratu txarrak amai daitezela".