Giro hotz eta bustia gozatzen dabil Kantu Taldea

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 27a, 10:54

Ez da giro, euri zaparrada eta haize boladen artean doakigun larunbat honetan. Kalean ibiltzeko eguraldi onena ez dugun arren, fin asko hileroko hitzorduari hutsik egin gabe atera dira abestera Usurbilgo Kantu Taldekoak. Besteetan bezala, iluntzean izan ordez, eguerdi partean oraingoan. Gero, Aginagako Urdaira Sagardotegira bazkaritara joatekoak ziren. Han ere kantuan segitzeko.

Eguraldi txarrak bultzatuta, aterpez aterpe ibili behar izan dute, giro busti eta hotza kantuz goxatzen. Artzabal sarreran harrapatu ditugu eguerdian.

Gogoan izan, asteartero biltzen dela Kantu Taldea, 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolan. Urte osora luzatzen den ikastaroko hurrengo saioa, martxoaren 1ean izango da.