Erraustegia Erabakia herri plataformak, erraustegiari buruzko galdeketa antolatzea eskatzeko azken hilabeteotan bildutako sinadurekin bat egin du Usurbilgo Udalak. Erraustegiaren inguruko herri-kontsulta antolatzeko 1.185 usurbildarrek eginiko eskaerei babesa adierazi zien udalbatzak, astearte arratsaldean egin zen osoko ohiko bilkuran. Erraustegiaz herritarrei galdetzearen alde agertu zen EHBildu. Aldiz, EAJ eta PSE udal taldeek galdeketa ez oztopatzeko nahia agertu arren, abstentziora jo zuten.
Gehiengo osoz onartu da beraz, hurrengo hilabeteotan Usurbilen egin asmo dagoen erraustegiaren inguruko herri-kontsulta, eta baita herritarrei egingo zaien galdera ere. Honela dio hitzez hitz: "Usurbilgo hondakinak tratatzeko, erraustea egoki iruditzen al zaizu?". Hortxe herritarrek erantzuteko aukera izango duten galdera. Xabier Arregi alkateak plenoan zioenez, "herriari hitza emateko ariketa izango da" kontsulta. Herritarrek erabakietan parte hartzeko duten eskubidea defendatu nahi du Udalak.
Udalbatzak babesa adierazi dio beraz herri kontsultari, kontsultarako galdera ere onartu dute eta tramitazioa abiatuko dute orain. Gai hau arautzen duen legedi propio baten faltan, estatuari galdeketa baimentzea eskatu behar dio Udalak. Ia zer dioten Madriletik. Bada aurrekaririk; 2010eko otsaila amaieran hondakinen bilketaren inguruan Usurbilen ospatu zen herri galdeketa historiko hura. Orduko hartan ere Madrili galdeketa antolatzea eskatu eta baiezkoa jaso zuen Udalak. Berriki, Gipuzkoan ere egin da hondakinen kudeaketari loturiko galdeketarik ere.
Kontsultak baldintzak betetzen ditu, Udalaren esanetan
1.185 herritarrek eskatutako kontsulta antolatzeko, Udalak "prozesu bat bideratu nahi du, non legeak eskatzen dituen baldintzak beteko diren". Alkatearen esanetan, baldintza zorrotzenak betetzen ditu galdeketak. Batetik, legediak eskatu bezala, "hondakinen tratamendua bada udalen eskumena". Bestetik galderaren esparruaz mintzatu zen. Galderak herri izaerakoa behar duela izan. Eta kontsultarako proposatu den galderak oso argi adierazten du, Usurbilgo hondakinei buruz galdetuko zaiela usurbildarrei, galderaren "esparrua gurea da" beraz, zioen Arregik.
Herritarren ikuspuntutik, galderak garrantzia eta edukia izan behar duela ere aipatu zuen alkateak, eta zioenez, garrantzia eta mamia bakarrik ez, herritarren artean ardura eta kezka sortzen duen gaia da erraustegiarena. Horregatik, argi zioen alkateak, azken hilabeteotan Erraustegia Erabakia herri plataformak bildutako 1.185 sinadurek eskaturikoaren aurrean, "Udalari baietz esatea dagokio, galdera onartu eta tramitazioari ekitea".
Abstentzioa arrazoitzeko eskaera
Erraustegia Erabakia herri plataformako ordezkaritza batek gertutik jarraitu zuen, galdeketaren inguruan udal ordezkariek adierazi eta erabakitakoa. Hitza hartzeko aukera ere izan zuten, udalbatza aretora gerturatu ziren ordezkariek. Kideetako bat hain zuzen, EAJ eta PSE-ko udal ordezkariengana zuzendu zen, taldeok galdeketa onartzeko proposamenaren aurrean abstenituko zirela iragarri ostean. Abstentzioa arrazoitzea eskatu zien. Bi taldeetatik, galdeketa ez oztopatzeko asmoa erakutsi zuten.
Aipatu moduan, erraustegiaren inguruko herri kontsulta antolatzeko 1.185 usurbildarrek eginiko eskaeraren alde agertu da EHBildu. EAJ eta PSE abstenitu dira. Martxan da, erraustegiaren inguruko kontsulta antolatzeko tramitazioa.