Usurbildarrak goizeko 11:00etan frontoitik abiatuko den zutabean parte hartzera animatzen ditu Erraustegia Erabakia herri plataformak. Errausketaren aurka antolatu den martxarekin bat egin du taldeak. Honatx kaleratu duten idatzia:
Otsailaren 28an Zubietara goaz
Gipuzkoarron laurdena ari gara aurrera egiten DENOK (bai lurra eta bai pertsonok) hobeto biziko garela bermatuko digun bizi ereduan: Egunero ari gara frogatzen posible dela sortzen dugun hondakinen %80 gaika biltzea, eta organikoa ere bereizita bildu eta kudeatzea.
Eguneroko ekintza txiki hori, kontsumitzeko eta bizitzeko modua eraldatzen ari zaigu eta Erraustegiaren mamuak jada ez digu beldurrik ematen. Begietara begiratzen diogu eta irribarrez esaten: ez duzu tokirik gure bizitzetan. Zertarako zara zu, Erraustegi? gure seme-alabei 350 milioiko zor publikoa lepoaren bueltan kateatzeko? Herritarron osasuna arriskuan jartzeko? Gehiago kontsumitzearen eta erabili orduko botatzearen kultura bultzatzeko? Mespretxatzen eta gorrotatzen dugun zaborra neurrigabe hazteko? Urruneko herrietako zaborra erosi eta kamioiez errepideak trabatzeko, labeek erregaia izan dezaten? Lurra bizitza lantzeko izan beharrean, espekulaziorako eta zementuaren negoziorako izan dadin? Zertarako zara zu, Erraustegi?
Bizitza aberasgarri bat eskuetan duenak ez dio mamuari beldurrik. Erraustegiaren bidea baino askoz bide emankorragoa da eguneroko ekintza txiki batekin lantzen ari garena, eta oraindik hasi besterik ez gara egin. Bidean aurrera egin nahi dugu:
Urtero herritar bakoitzak sortzen dugun hondakin kopurua murrizten jarraitu nahi dugu. Elikagai osasuntsuak soilik eta munduak digeritu ditzakeen objektuak soilik etxeratu nahi ditugu.
Bizitzaren zikloak kudeatzen burujabeak izan nahi dugu.
Lurrarekin errespetuzkoa den guztion onerako ekonomia zirkularra sustatu nahi dugu.
Auzolanari irekia dagoen kudeaketa publiko arduratsua eta gardena nahi dugu.
Azken batean, bizitzeko behar ditugun elikagai eta objektuetatik lur bizia sortzen jarraitu nahi dugu, eta ez ditugu gure osasuna eta lurrarena arriskuan jartzen dituzten hodei eta hondakin toxikoak sortu nahi.
Gipuzkoarron laurdena dagoeneko praktikan hala ari garelako:
Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi.
Horregatik, bat egiten dugu datorren otsailaren 28an erraustegiaren aurka egingo den Martxarekin, eta gure ahaleginak egingo ditugu bertan izateko. Bide batez, herritar guztiak animatzen ditugu Usurbilgo frontoitik goizeko 11etan abiatuko den zutabe edo kolumnan parte hartzera.
Erraustegirik ez, ez Zubietan, ez inon.