Ehunka usurbildar eta zubietar, errausketaren aurkako martxan

Noaua Aldizkaria 2016ko ots. 29a, 10:35

Eguraldi iragarpena ez zen onena, baina ez zen inolaz ere etxean geratzeko aitzakia izan. Errausketaren Aurkako Mugimenduak igande honetan antolatu duen martxa jendetsua izan da. Anitza. Aurreikusi bezala, Zizurkil, Andoain, Lasarte, Hernani eta Añorga Txikitik herritar zutabe bana abiatu zen atzo goizean zehar. Zutabe hauei batu zitzaizkien, nola ez, Zubieta eta Usurbildik abiaturikoak.

Ezinhobeto erantzun zuten usurbildarrek. Bada zalantzarik gabe, proiektu honen inguruko kezka, eta haserrea. Goizeko 11:00etarako finkatua zegoen hitzordua baino lehen jada, Dema plazara gerturatzen joan zen herritar mordoa. Erraustegiaren kokaguneko zero puntura ibilaldia hasi aurretik, ondoko taldeko argazkia atera zuten, eguneko traola, aldarri, eta mezu nagusiarekin bat eginez; alegia, ez dutela erraustegirik nahi, ez Zubietan ez inon.

Taldeko argazkia aterata abiatu zen errausketaren aurkako martxako usurbildarren zutabea, errausketaren zero punturantz; Letabiderantz.