Argiago ezin zuen islatu igande eguerdian Zubietako frontoian eta errebote plazan, Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolaturiko ekitaldiak bildu zituen 2.000 lagunen eskaera; "errausketarik ez" zioen pankarta handi baten bueltan batu ziren Zubietan. Entzungor segitzen duten proiektu honen sustatzaileei zuzenduriko mezu argi eta ozena.
Lehenago, frontoian egindako ekitaldian, erraustegia gera dezakegula gogorarazi ziguten, Ane Labaka eta Asier Azpiroz bertsolariek. Zubietarrak zioenez, "erraustegia gera liteke, ez dakit ondo dakigun. Aire garbiak biratu gaitzan, garbi oihuka dezagun. Erraustegirik ez dugula nahi, ez hemen eta ez inun".
Ez baitugu behar, ekitaldi berean Estitxu Eizagirre kazetariak irakurri zuen adierazpenak zioenez. "Jada erraustegiaren mamuak ez digu beldurrik ematen. Begietara begiratzen diogu erraustegiari eta irribarrez esaten diogu: ez duzu tokirik gure bizitzetan. Ez zaitugu behar".
Inon ez
"Eguneroko ekintza txiki batekin lantzen ari garena", erraustegiarena baino askoz bide emankorragoa dela gaineratu eta bide horretan sakontzeko nahia adierazi zuen Errausketaren Aurkako Mugimenduak, Zubietako martxa amaieran egin zen ekitaldian. Hain ezaguna egin den aldarri esanguratsuarekin borobildu zuen adierazpena Eizagirrek: "Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du nahi beste inoren herrian". Txalo zaparrada batekin erantzun zuten frontoira bertaraturiko ehunka lagunek.
Finantzatzearen aurka
Erraustegia ez dutela nahi adierazi zuten ehunka lagunek, atzoko martxan zehar. Egitasmo hau gaixotasunen eragile ere bada eta, Teresa Lopez de Muniainek gogorarazi zigunez. Irakurri zuen adierazpenean argi zioen; hondakinak errausteak osasunean duen eraginak aski behar luke, hondakinak tratatzeko modu hau alboratzeko. Horri, proiektu honek eragingo duen eta gipuzkoarron poltsikotik ordaindu beharko dugun 300 milioi euroko gastua erantsi behar zaio. Horregatik guztiagatik, erraustegia bertan behera uztea eskatu zuten atzo eguerdian Zubietan, osasunarentzako eta ingurumenerako kaltegarria delako, garestia eta beharrezkoa ez dena gainera.
Udal, Mankomunitate eta eragileei, herritarrentzako gastu ekonomiko itzela eta osasun arazoak baino eragingo ez dizkien proiektu hau ez finantzatzeko eta alternatiba merkeago eta jasangarriagoak martxan jartzeko deia luzatu zaie.
Atxikitako bideoan doazkizue, Zubietako ekitaldiko hainbat pasarte.
Bi hitzordu
Errausketaren aurkako martxa amaitu da. Baina adi, ekimen gehiago deitu baitira datozen hilabeteotarako. Besteak beste, martxoaren 12an, Andoainen. Errausketaren aurkako manifestazioa egingo da bertan. Maiatzaren 29a agendan ondo baino hobeto gordetzeko eguna izango dela ere iragarri zuten atzo, "izan ere, egun horri begira ekitaldi eder bat prestatzeko asmoa du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak".