Oria bere bidetik doa, bart gainezka egin ostean. Larunbat iluntze partean, azken orduetan botatako euri jasen eraginez, errioak zekarren ur emaria ikaragarria zen. Ezin eusterainokoa, eta bere bidetik atera zen azkenean, ohiko puntuetako batean, Zubietako Aliri zubi inguruan. Txikierdi Zubietarekin lotzen duen bidea etenda geratu eta itxi egin behar izan zuten ondorioz, bide zati bat urpean geratu baitzen. Gainera, Zubietako zonalde bat argindarrik gabe egon zen ordu luzez, matxura konpondu arte.
Igande goiz honetan, egunak argitu duenerako, errioa hazita baina bere bidetik zihoan. Begi bistakoa zen, bart izandako uholde txikien eragina Zubieta eta Txikierdi lotzen dituen bidean. Lokaztua zegoen. Amaitu da errio bazterretan, beste behin kezka eragin duen larrialdi egoera.