Hala dio Errausketaren Aurkako Mugimenduak plazaratu berri duen balorazioan. "Egindako aurreikuspen batzuk kopuruz laukoiztu egin dira", nabarmendu dute. Azken hilabeteotan eman diren urratsak goraipatu dituzte. Ertzaintzaren jarrera salatzen dute baita testu berean, errausketaren zero puntua hesitua baitzen igandean eta eremu barrura sartzea debekatu zitzaiela jakinarazi dute martxa honen antolatzaileek.
Azkenik, mezu bana du Errausketaren Aurkako Mugimenduak herritarrentzat, baita EAJ-PNV eta PSE-EE alderdientzat ere. Segidan duzue, balorazio testu osoa.
Errausketaren aurkako martxa iruditan
Argazki bilduma bat, hemen: Otsailaren 28ko martxa iruditan
Bideoak:
Herritar zutabeen bilkura, errausketaren zero gunean
Martxa amaierako Zubietako ekitaldia
BALORAZIOA
Otsailak 28. Zubietako martxak Errausketaren Aurkako Mugimenduaren arrakasta
Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatutako Zubietako martxak arrakastatsuak izan dira. Negu giro heze, hotz eta lokaztuaren erdian zortzi zutabe herritarrez osatutako martxak, eta 6 orduko mobilizazio irunkorren bitartez, herritar askoren gogo eta kezkak arrakastaz adierazi ziren. Egindako aurreikuspen batzuk kopuruz laukoiztu egin dira.
Inportantea deritzogu azken hiru lau hilabeteko prozesua kontuan hartzea. Hau da, hondakinen bilketan eta erraustean ardatza duen gatazka sozio politiko luze honen azkeneko fase honetan gertatu dena kontutan hartzea. Gipuzkoako Diputazioaren Gobernu berria eratu eta iragana zirudien Zubietako Errauste Plantaren egitasmoa berriz ere martxan jartzeko asmoaren egikaritzeak herri mugimendu berritu eta berri baten autoeratzea ekarri du. Gipuzkoako Errusketaren Aurkako Mugimendua.
Euskal Kulturaren inguruko pertsona esanguratsuak osatutako “Burua eta Bihotzaren manifestuak” eta iaz Hernanin Zero Zabor elkartetik sustatuko mobilizazio eredu baten berreskuratzeak, Batzar dinamikan oinarritutako mugimendu bat eratzea lortzen ari da. Mugimendu honetan errausketaren aurkako Ekimen Herritar, talde ekologista, kultur talde, talde politiko, langileen sindikatu, gazte talde, feminista talde, talde zientifiko eta norbanakoak, elkarekintzan ari gara eta Otsailak 28ko martxen arrakasta lortu dugu. Honetaz gain, aurrera begira zenbait ekimenen ernamuitzearen eraikuntzan ari garela aipatu dezakegu ere.
Otsailak 28ko Martxa arrakastatsuaren aurrean Gipuzkoako PNV eta PSE-EEko arduradun politikoek mantendu duten jokaera barregarria eta erridikulua azpimarratzea inportantea dela iruditzen zaigu ere.
Protesta ekintzaren parte bat erraustegia eraiki nahi duten lurzoruan bertan egiteko asmoa genuen, obretako hondakin deskontrolatua eta desmontea besterik ez dagoen lurzoruan. Ertzaintzak aurreko egunean jakinarazi zigun, ordea, ez genuela hesitutako eremura sartzeko baimenik, hori eremu pribatua delako, eta inoren gogoko ez litzatekeen eskuhartzerik gabe bideratu nahi zutela gure protesta, zeina burutzeko eskubide osoa genuen. Hesia aste honetan bertan berritu dute, martxaren berri izan dutenean.
Ohartarazpena kontuan hartuta, Letabideko lepoan, hesitutako eremutik kanpo, burutu dugu ekintza, baina jarrera hori salatu nahi dugu idatzi honen bidez.
Gipuzkoako PNV eta PSE-EE-ko buruzagiak. Hemen jokoan dagoen Eremu pribatu bakarra zera da. Gipuzkoar gehiengo nabarmenaren osasuna eta ekonomia kaltetu nahi duen eta zuek sutsuki defendatzen duzuen Kasta minoritario Oligarkikoaren interes pribatuak. Oso kontutan eduki hau.
Bukatzeko, Gipuzkoako herritarrei zera adierazi nahi diegu ilusioz eta gogoz. Gure eskaintza eta konbentzimendua antolakuntzan, herri imajinazioan, desobedientzian eta herri borrokan oinarritzen dela.
Errauste planta, ez Zubietan ez inon. Ekin dezagun!