Aginagako San Praixkuetan aritu zen pasa den urrian, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ere estreinakoz parte hartzen ari zen garaian. Artzabalera dator ostegunean, martxoaren 3an, Emakumeen Egunaren bueltan Matrakak Usurbilgo Talde Feministak Usurbilgo Udalarekin batera Artzabalen antolatu duen bertso-afaritara, Onintza Enbeita eta Oihana Iguaranekin batera. Bertso saio bizia eta giro polita izango dela aurreikusten du Eli Pagola Apezetxea ereñotzuarrak, bertso-afariko hirugarren parte hartzaileak, NOAUA!ri adierazi dionez.
Aginagako jaietan izan zinen. Zer moduzko publikoa dugu inguruotako bertso-afarietan?
Eli Pagola: Jatorra. Gertukoa izanda, etxeko publikoa. Ezaguna zaidan publiko mota bat, nahiz eta bertako jende asko ez ezagutu. Publiko erosoa iruditzen zait, bertsolaritza estimatzen duena. Bertso-afari bat egitea exigentea da. Azkenean bertsolari gutxi daude, jendea horretara bakarrik dago, eta erantzun behar diozu.
Emakumeen Egunaren harira antolatu da bertso afari hau. Oraintxe gai honi buruzko bertso bat bota beharko bazenu, zer islatuko luke zure bertsoak?
Galdera zaila da hori. Gehiengoak guretik abesten dugu, edo behintzat gure filtro batetik pasatako pertsonaia baten ahotik. Niri behintzat ez zait gustatzen pedante samar hitz egitea. Neure esperientzia, neure ahotik edo neure ingurutik pasa daitekeen zerbaiten inguruan botako nuke bertsoa. Gai honen inguruan bezala, beste gai askotan gertatzen dena. Kontu delikatuak aipatzen ditugunetan kontuz ibili behar dela uste dut, ze ez noa esatera gure hitzak indar handia duela, baina izan dezakeelako, gureak bezala beste edonorenak, publikoki esaten dugu edozerk, eta hor kontu handia ibili behar da. Edozein gaietan, nik uste erreparo handirik gabe, neure inguruko zerbait botako nukeela, bat batekotasunaren arabera beti ere.
Emakumeen plazaratzea bertsolaritzan. Nola gaude gai honetan?
Badabiltza emakumeak plazan, onak gainera, bertsolari gisa maila handiko emakumeak daude eta nik uste denborarekin, poliki-poliki denborarekin gehiago ateratzen joango direla. Konplexurik gabe ibiltzeko eremu bat da bertsolaritza, beste asko bezala. Emakumeak proportzioan gutxi daudela? Bai, baina gauden horiek gurea egiten badugu, azkenean beste edozein bezala eredu izan gaitezke. Bertso eskoletan dabiltzan ume pila bat dira emakumezkoak, horiek konplexurik gabe lortzea ateratzen badugu, mutilen pare aritzeko kopuruan behintzat. Oraintxe, emakumeen presentzia bertsolaritzan ez da optimoa, baina ona da. Gaudenak gogotsu eta gustura gaude, eta lan egiteko motibatuta. Moldeak aldatzen joango dira, garaiak ere aurrera doaz. Denok dakigu duela 40 urte zer zen bertsolaritza eta egungoa ez dela berdina.
Gipuzkoa Bertsolari Txapelketan parte hartu duzu estreinakoz. Zer moduzko esperientzia izan duzu?
Parte hartu nezakeen lehen aldia zen. Neure burua proban jartzera joan nintzen. Oholtzara zoazenean puntuazio bat ateratzera zoaz. Bospase epaile daude zu entzuten, baina horrez gain publiko guztia ere puntuazioz ez bada ere, epaitzen duzu eta badago presio bat. Ni behintzat presio horretan gustura ibili nintzen, edo ez ninduen gehiegi estutu. Oso esperientzia positiboa izan da, neure buruari eusteko gai izan bainintzen eta neuretik emateko zerbait ere bai. Ez da egunero abesten 700 lagunen aurrean. Berriz apuntatzeko zain nago.
Animatu zaletuak, bertso afaritara.
Bertsoak gustuko dituzten guztiek ateak irekita izango dituzte. Giro polit askoa izango da. Oihana Iguaran, Onintza Enbeita eta hirurok elkar ezagutzen dugu. Onintzaren saio batzuk egin izan ditutu, Oihanarekin ere saio bat edo bestean tokatu izan zait. Oholtzan bai, baina oholtzatik kanpo ere bertsolariok izaten dugu harremana eta hirurok ere harreman oso ona mantentzen dugu, saioetatik kanpo ere kontaktuan mantentzen gara eta nik uste horrek lagunzten dula elkarren arteko elkarrizketak, konplizitateak lortzeko orduan. Konplizitate hori nabaritu eta horri probetxua ateratzen saiatuko gara hiruron artean.
Zer nolako saioa aurreikusten duzu beraz?
Bertso saio oso bizia izango dela ikusten dut, bai umore eta erritmo aldetik ere.
Martxoaren 8ko egitaraua
Martxoak 3, osteguna
20:30 Bertso-afaria Artzabalen, Eli Pagola, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita bertsolariekin. Gai jartzailea: Idoia Torregarai. Afaritarako txartelak Artzabalen salgai. Prezioa: 15 euro+euro bat (zozketa erotikorako).
Martxoak 4, ostirala
19:00 "Zinegoak" zinema jaialdiaren baitako laburmetraien proiekzioa Sutegin.
Martxoak 6, igandea
10:00 27. Lilatoia Donostian, Bulebarretik abiatuta. Izen emateko: kirolprobak.com
Martxoak 8, asteartea
19:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan (Eguraldi txarra egingo balu, frontoian).
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Matrakak, Usurbilgo Talde Feminista.