Matrakak Usurbilgo Talde Feministak, Usurbilgo Udalarekin elkarlanean Martxoaren 8rako antolatu dituen ekimenen artean, berrikuntza bat iragarri dute aurtengorako. Zinegoak, Bilboko 13. Nazioarteko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren baitan, laburmetraien proiekzioak antolatu dituzte beste 27 udalerrietan; tartean Usurbilen. Zinegoak Hedapeneko film motzen erakustaldia Sutegira dator aurten estreinakoz, Matraken eta Udalaren eskutik, martxoaren 4an.
"Zinegoak Hedapenaren xedea jaialdi honetan aurkeztutako lanak udalerrietara zabaltzea da, zailagoa zaielako lan hauek eskuratzea. Izan ere, gure pantailetatik pasatuko diren pelikula gehienek ez dute lekurik izango areto komertzialetan, eta, izango dutenek, zortedun gutxik salbu, normalean areto txikietan lortuko dute. Bigarren helburua aniztasunari eta kulturari lotutako ekintzak eskaintzea da, edizio guztietan Zinegoak jaialdiak biltzen dituen ikus-entzunezko edukiak aprobetxaturik", Zinegoak-en antolatzaileen esanetan. Informazio gehiago: zinegoak.com
EHGAMen sagardotegiko afaria
Azken urteotan egin bezala, Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak (EHGAM) Usurbil hautatu du, 2016ko "Maribollotrans Sagaydotegia" ospatzeko. Martxoaren 19an izango da:
Egitaraua:
18:15 Autobus zerbitzua Donostiako San Sebastian hotelaren alboan; Zumalakarregi hiribidea 20an.
19:00 Trikipoteoa Txirrista tabernatik abiatuta.
20:30 Afaria Arratzain Sagardotegian.
01:00etik aurrera, festa Donostiako Doka kafe antzokian.
Afaritarako eta autobusean izen emateko epea zabaldu dute:
Prezioak: Sagardotegia: 24 euro. Sagardotegia+busa: 34 euro.
Izen ematea: martxoaren 14a baino lehen:
Laboral Kutxa: E835-3035 0063 82 0630030222
Informazio gehiago:
ehgam.eus
facebook.com/ehgam
667 435 570
Bertso afaritarako sarrerak salgai
Zinegoak-en proiekzio bezperan, Emakumeen Egunari loturiko lehenengo hitzordua, martxoaren 3rako iragarri dute Udalak eta Matrakek; azken urteotan harrera ezinhobea izan duen bertso-afaria Artzabalen. Berrikuntza batekin aurten, "aukera begetarianoa egongo da!", ohartarazi dutenez. Sarrerak salgai dira jada Artzabalen.
Martxoak 8, Usurbilen
Martxoak 3, osteguna
20:30 Bertso-afaria Artzabalen, Eli Pagola, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita bertsolariekin. Gai jartzailea: Idoia Torregarai. Afaritarako txartelak Artzabalen salgai. Prezioa: 15 euro+euro bat (zozketa erotikorako). "Aukera begetarianoa egongo da!".
Martxoak 4, ostirala
19:00 "Zinegoak" zinema jaialdiaren baitako laburmetraien proiekzioa Sutegin.
Martxoak 6, igandea
10:00 27. Lilatoia Donostian, Bulebarretik abiatuta.
Martxoak 8, asteartea
19:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan (Eguraldi txarra egingo balu, frontoian).
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Matrakak, Usurbilgo Talde Feminista.