Herria, Usurbilgo Udalaren gobernu programako sei ardatzetako bat

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 3a, 14:39

Datozen 4 urteotarako 118 ekimeneko bide orria aurkeztu zuen Usurbilgo Udaleko gobernu taldeak duela astebete Sutegin. "Etorkizunari begirako iparra" markatu nahi du EHBilduk, kaleratu duen "geroa da oraina" izeneko gobernu programarekin.

Gizarteratu duten gida modukoa, joan den maiatzeko udal hauteskundeetarako aurkezturiko programarekin, abenduan herri eragileekin eginiko bilera errondan jasotako ekarpenekin, eta udal gobernuak hilabeteotan azterturiko gaiekin osatu dute. Auzoak eta adin guztietako herritarrak eduki nahi izan dituzte kontutan. Bizikidetza, parekidetasun, jasangarritasun eta inklusibitate irizpideak aintzakotzat hartuta diseinatu dute.

Ezagutzera eman dutena, ez da egitasmoen zerrenda itxi bat, 2020ra arte gobernu taldeak dituen aurreikuspenak baizik. Hurrengo 4 urteotan, "bidean sortuko dira beste batzuk" Xabier Arregi alkateak Sutegiko aurkezpenean zioenez. Programa dinamikoa izatea nahi dute. Horretarako, programaren garapena gertutik segitu eta baloratzeko, hurrengo urrats eta planifikazioak zehazteko, Jarraipen Batzordea osatuko du gobernu taldeak.

Herritar, eragile eta erakundeekin elkarlanean garatu nahi ditu gobernu taldeak iragarri dituen 118 egitasmoak. Eta bidean sor daitezkeenak ere bai. Herritarrak ardatz dituen 6 lan ildoetan sailkatuak daude ekimenok: herria, ongizatea, nortasuna, usurbildarrak, udal funtzionamendua eta herritarrekiko harremana eta etorkizuna.  Egunotan zehazten joango gara zeintzuk diren gobernu taldeak iragarri dituen 118 ekimenok. Lan ildoka egingo dugu errepasoa. Gaur, hasteko, "Herria" ildoaren baitan iragarri dituen ekimenen zerrenda aipatuko dugu, "gure espazioen erabileraren arautzeari eta baliabide naturalen babesari dagokion" atala. "Herri antolaketa", "zerbitzuak eta obrak" eta "natur eremuen babesa" azpi ataletan sailkaturiko 28 ekimen guztira:

1-Herria

Herri antolaketa

1-Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idatzi.

2-Mugikortasun eta espazio libreen plana idatzi eta abian jarri.

3-Bidegorrien sarea osatu, Bizikleta planari jarraituz: San Inazio, Barrenkale, Kontzeju Zarra, Kale Nagusia eta San Esteban kaleetan.

4-Aginagako erriberako bidea egokitu.

5-“Errioa bizi!” Oria ibaiaren paisaiarako ekintza-plana garatu.

6-Michelingo eremuan jarduera ekonomikoa aktibatu, lantegi urbanoen irizpidearekin.

7-Ugaldeako eremuaren azterketa sakona egin, jarduera egokitu eta biziberritzeko.

8-Zumarte Musika Eskola erabat birgaitu.

9-Zubietako bide-azpiegiturak hobetu.

10-Txokoalden herri-elkartea eta plaza berritu.

11-Troiako trenbide pasagunearen proiektua aurrera eraman.

12-Ingemarreko trenbide pasagunea egin.

13-Etxebizita tasatuei eta babes ofizialekoei lehentasuna emanez, Ugartondoko urbanizazioa egin.

Zerbitzuak eta obrak

14-Argikuntza-sarea progresiboki berritu, kontsumo baxuagoko LED argiak jarriz. Lehen fasea: Aginaga, Irutasuna, Kontzeju Zarra eta Kalezar.

15-Ur-sarean hobekuntzak. Hurrengo fasea: San Estebango urtegitik Berritzabarrenara.

16-Erroizpeko urtegian konponketak egin.

17-Ur zikinen sarea Loiolako araztegiarekin lotu eta Aginagatik Usurbilerako zatia bideratu.

18-Euri-uren eta ur zikinen kanalizazio-sistemak banatzen jarraitu. Lehen fasea: Alperroburu, Etxebeste.

19-Komun publikoa jarri Askatasuna plazan.

20-Irazu, Etxebeste, Irutasuna eta Kontzeju Zarreko urbanizazioak berritu.

21-Agerialde eta Udarregi arteko Alperroburu kaleari oinezko izaera eman.

22-Artzabalgo plaza berritu.

23-Herri garbiketarako makineria ordezkatu zarata eta kutsadura txikiagoa sortzen dutenengatik.

24-Kanposantu zaharra beste erabilera baterako gaitu.

Natur eremuen babesa

25-Artxubietako lurren kalitatearen kalifikazioa lortu.

26-Andatzaren kudeaketa-plana bultzatu eta jarraipena egin.

27-Sariako hezegunea seinaleztatu eta egokitu.

28-Aranerreka garbitu.