Arrakasta itzela izan du Errigoraren azken elkartasun kanpainak Usurbilen. Nafarroa hegoaldean ekoitzitako oliba olio birjina estra ekologikoa eta konbentzionala duten 5 litroko bidoiak eskatzeko aukera egon da azken bi asteotan, atzora arte, NOAUA! Kultur Elkartean edota Udarregi Ikastolan. Aipaturikoa, harrera ezinhobea izan du ekimenak.
Guztira, 110 bidoi, 550 litro oliba olio birjina estra saldu dira udalerri honetan. Datu bat, iaz urte garai honetan Errigorak antolatu zuen kanpaina honen baitan, 65 bidoi saldu ziren NOAUA! bidez. Eskaera kopuruan igoera nabarmena izan da beraz. Oraingoan, 90 bidoi eskatu dituzue kultur elkarte honetako egoitzan, eta 20 bidoi Udarregi Ikastolan. Taula honetan zenbakitan bildu dugu, Errigoraren kanpainak Usurbilen izan duen arrakasta:
Eskaera lekua | Oliba olio ekologikodun bidoiak | Oliba olio konbentzionaldun bidoiak | Guztira |
NOAUA! Kultur Elkartea | 47 (235 litro) | 43 (215 litro) | 90 (450 litro) |
Udarregi Ikastola | 16 (80 litro) | 4 (20 litro) | 20 (100 litro) |
Guztira | 63 (315 litro) | 47 (235 litro) | 110 (550 litro) |
Astebete barru helduko dira bidoiak
Errigoratik adierazi digutenez, martxoaren 10ean jasoko ditugu eskatu dituzuen olio bidoiak. Bai NOAUA!n, baita Udarregi Ikastolan ere eskaera bideratu duzuenok, martxoaren 11n, 14ean eta 15ean etor zaitezkete bidoiak jasotzera, NOAUA!ko egoitzara. NOAUA!-ko egoitzan bakarrik eskuratu ahalko dituzue. 5 litroko bidoiak jasotzerakoan egin beharko dira ordainketak. Gogoan izan prezioak: 32 euro balio du oliba olio birjina estra ekologikoko bidoi bakoitzak; 22,50 euro, oliba olio birjina estra konbentzionaldun bidoiek.
"Kontsumo eredua aldatzeko gonbita"
"Eskutik eskura bertako produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da. Gure kontsumo eredua aldatzeko gonbitea. Kontsumitzaile arduratsuak herriz herri elkartzeko saiakera: gutako bakoitzari on egin dagion eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun", dio Errigorak bideratu duen kanpaina honen inguruan, ohar bidez.
Tokiko ekoizpena eta euskara sustatu nahi izan dituzte beste behin. "Euskarari ere on egingo diogu, ekoizleak euskarara erakarriz", diote kanpainako antolatzaileek. Kalitatezko produktua, euskaraz etiketatua eta bidezko prezioan eskuratzeko aukera izan dugu beste behin, Errigoraren "Eskutik eskura" egitasmoari esker. Eta ekimenean parte hartuta, Nafarroa hegoaldeko ekoizpena sustatzen, lurraldeen arteko harremanak sendotzen eta ingurumena zaintzen laguntzeko aukera genuen, asteazken honetara arte. Itxi berri baita, olio bidoiak eskatzeko epea. Maiatzean hurrengo kanpaina; kontserba loteena.
Honatx Kanpainan parte hartu duten olio ekoiztetxeak:
La casa del aceite (Cascante)
Nuestra Sra del Rosario kooperatiba (Ablitas)
Bardea (San Isidro del pinar)
Ekolo (Arroitz)
Informazio gehiago: errigora.eus
Irudia: Errigora.