Ezker Abertzalearen Abian prozesuko lehen herri batzarra larunbatean

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 4a, 09:44

Abian prozesu betean da Ezker Abertzalea. "Abian deituriko eztabaida ariketa egiten ari da Ezker Abertzalea, nazio askapena eta askapen soziala helburu eraikitako mugimendu iraultzailea", ohartarazi dute.

Testuinguru honetan, datozen asteotan barne eztabaidarako baliatuko den txosten bat landu eta aurkeztu berri dute. "Txosten honen helburu nagusia Zutik Euskal Herria-k ekarri zuen estrategia aldaketak eragindako ziklo politikoan aurrera nola egin behar dugun zehaztea da. Estrategia gaurkotzeko ariketa da, beraz, baina aldi berean Ezker Abertzalearen nortasuna eta batasuna berrindartzeko balio beharko luke. Ibilbidearen balantzea eta fase politikoaren azterketa ere egingo dugu, jakina, baina betiere aurrera begira norabide argi bat marrazteko asmoarekin", dio Abian prozesuari loturiko dokumentuak.

Txostenaz iritzia eman eta ekarpenak egiteko prozesua burutuko da hurrengo asteetan herriz herri. Baita Usurbilen ere. "Txosten honek irudikatzen duen norabide orokorra berresten dugun ala ez erabaki behar dugu. Horixe da guztion artean ebatzi beharrekoa. Antolakundeek egingo dituzten ondorengo eztabaidetan izango dute xehetasunetan sartzeko, zuzenketak egiteko eta ezberdintasunak argitzeko aukera, norberak bere esparrura egokituta", dio Abian eztabaida prozesurako aurkeztu duten txostenak. Prozesuari loturiko hiru batzar deitu ditu Ezker Abertzaleak Usurbilen.

Herri batzarrak

Foncalenteko martxaren ostean, Abian prozesuko herri batzarren txanda da orain. Barne hausnarketarako landu den txostena eztabaidatu eta ekarpenak biltzeko 3 herri batzar deitu Ezker Abertzaleak Usurbilen:

Martxoak 5, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Balantze eta testuinguruaren egoeraren eztabaida".

Martxoak 19, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Definizio estrategiko eta eztabaida eta etorkizuneko garapenaren zehaztapena".

Apirilak 16, larunbata

09:30 Batzarra Potxoenean: "Txosten erabakitzailearen aurkezpena, eztabaida eta bozketa".

Abian prozesurako aurkeztu duten txostena osorik, hemen: Abian txostena

Deitzailea: Usurbilgo Ezker Abertzalea.

Abian, Foncalenteko martxarekin

70 bat autobus eta 3.500 bat herritar abiatu ziren otsailaren 20an, Ezker Abertzaleak 40 espetxeetara antolatu zituen martxetara. Usurbilgo Oiardo Kiroldegitik ere autobus bat atera zen Foncalenteko kartzelarantz. 35 herritar guztira. Autobusa, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiako herritarrekin osatu zuten. Bidaia hartako irudiekin, albiste honi atxikitako bideoa osatu dute.

Gogoan izan, hain zuzen, bi herritar daudela Foncalenten; Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster. Xabier Aranburu "Xomorro" aginagarra Herrera de la Manchan. Ezker Abertzaleak martxan duen Abian prozesuaren testuinguruan antolatu ditu martxa hauek. Batetik, euskal presoak euskal herriratzea eskatzeko, espetxean daudenei elkartasun eta babes osoa adierazteko. Baita eragile bezala, Abian prozesu honetan espetxeratuek parte hartzeak duen garrantzia azpimarratzeko ere, duela bi asteko NOAUA!rako Olatz Altuna eta Joxe Domingo Aizpurua preso ohiek eskainitako elkarrizketan adierazi dutenez. Esteka honetan irakur dezakezue Abian prozesuari loturiko elkarrizketa osorik:

http://www.noaua.eus/2016/02/18/prozesu-independ…-jarri-nahi-dugu/ ‎

Irudiak: Xingolari.