Zinegoak-eko laburmetrai proiekzioa, 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 4a, 02:30

Artzabal jatetxekoek prestaturiko menu goxo askoa dastatzen hasi berriak zirela harrapatu genituen ostegun iluntze honetan, Emakumeen Egunari begira, Matrakak Talde Feministak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko bertso-afarira gerturatu ziren herritarrak. Tartean ziren, afalostean saio bikaina eskaintzekoa zen bertsolari hirukotea; Onintza Enbeita, Oihana Iguaran eta Eli Pagola. Eta haiei gaiak jartzen arti zen Idoia Torregarai usurbildarra.

Giro ederrean ziren afaltzen. Ekitaldi honekin abian dira honenbestez, Emakumeen Egunari begirako ekimenak Usurbilen. Ostiral honetan, Zinegoak, Bilboko 13. Nazioarteko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren baitan, laburmetraien proiekzioak antolatu dituzte beste 27 udalerrietan; tartean Usurbilen. Zinegoak Hedapeneko film motzen erakustaldia Sutegira dator aurten estreinakoz, Matraken eta Udalaren eskutik, gaur 19:00etan.

"Zinegoak Hedapenaren xedea jaialdi honetan aurkeztutako lanak udalerrietara zabaltzea da, zailagoa zaielako lan hauek eskuratzea. Izan ere, gure pantailetatik pasatuko diren pelikula gehienek ez dute lekurik izango areto komertzialetan, eta, izango dutenek, zortedun gutxik salbu, normalean areto txikietan lortuko dute. Bigarren helburua aniztasunari eta kulturari lotutako ekintzak eskaintzea da, edizio guztietan Zinegoak jaialdiak biltzen dituen ikus-entzunezko edukiak aprobetxaturik", Zinegoak-en antolatzaileen esanetan. Informazio gehiago: zinegoak.com

Lilatoirako izen ematea itxita

Igandean, martxoaren 6an Donostian ospatuko den 27. Lilatoiarekin bat egin dute baita Matrakek eta Udalak. Martxoaren 8ko egitarauan txertatu dute hiriburuan ospatuko den lasterketa. 5.000 emakumerentzako lekua zegoen eta jada, kirolprobak.com atarian zuten inskribatzeko txokoa itxi behar izan dute antolatzaileek, bost mila izen ematera heldu baitira.

Emakumeen Eguna Usurbilen

Martxoak 4, ostirala

19:00
 "Zinegoak" zinema jaialdiaren baitako laburmetraien proiekzioa Sutegin. 

Martxoak 6, igandea

10:00 27. Lilatoia Donostian, Bulebarretik abiatuta. 

Martxoak 8, asteartea

19:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan (Eguraldi txarra egingo balu, frontoian).

Antolatzaileak: Matrakak, Usurbilgo Talde Feminista eta Usurbilgo Udala.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA