Lezoko Musika Bandaren bisitarekin, akabo 12. Soinurbil Musika Astea

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 6a, 14:22

Babesean, frontoiko estalpean amaitu berri da, 12. Soinurbil Musika Astea, Lezoko Musika Bandak eskaini duen kontzertu ederrarekin. Ez zeuden bakarrik oholtza gainean, haiekin ziren kalejira egin ezinik geratu diren Zumarte Musika Eskolako txistulariak ere. Hainbat abesti ezagun jo dituzte. Kontzertu zati batzuk, albiste honi atxikitako bideoan dituzue.

Musika Astearen baitan, kalean egitekoak zituzten ekintzak baldintzatu ditu eguraldi txarrak azken egunotan. Baita igande honetarako zituzten planak ere. Hain zuzen, frontoiko kontzertuaren aurretik, kalejira egitekoak ziren Lezoko eta Zumarteko txistulariak. Baina argi denez, eguraldiaren aurka ezin ezer egin eta bertan behera utzi behar izan dute. Pilotalekuko emanaldiak gozatu du gaurko giro euritsu eta hotza.

Amaitu da honenbestez, Zumarte Musika Eskolak Usurbilgo Udalarekin batera antolaturiko 12. Soinurbil Musika Astea. Datorren urtera arte.