Martxoaren 8ko elkarretaratzeak emango dio amaiera, Emakumeen Egunari begira antolatu diren ekimenei

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 7a, 10:30

Martxoaren 8aren bezpera gaur. Matrakak, Usurbilgo Talde Feministak, Usurbilgo Udalarekin elkarlanean Emakumeen Egunari begira antolaturiko ekimenak amaitzear dira. Astearterako iragarri dute azken hitzordua; Emakumeen Egunerako hain zuzen. Arratsaldeko 19:00etarako elkarretaratzea deitu dute Mikel Laboa plazan. Eguraldi txarra egingo balu, frontoian egingo da mobilizazioa.

Burujabetza feministarantz

"Bagoaz Euskal Herriaren burujabetza feministarantz" izan zen, iazko Martxoaren 8rako Matrakak taldekoek deituriko elkarretaratzerako eta Martxoaren 8az egiten zuten irakurketarako hautaturiko leloa. Herritar talde bat bildu zuen hitzorduan, egungo sistema kapitalista heteropatriarkalak bizi duen krisi sakona nabarmendu nahi izan zuten. Besteak beste, bereizkeria gainditzeko Euskal Herriak proiektu feminista bat behar duela aldarrikatu zuten. Beste behin, etenik ez duten eta Euskal Herrian izandako eraso sexistak salatu beharrean aurkitu ziren.