Osasunaren aldeko eta errausketaren aurkako mobilizazioa larunbatean Andoainen

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 8a, 08:44

Errausketaren aurkako eta osasunaren aldeko mobilizazioa deitu du Andoaingo Ipar Haizea plataformak, larunbat honetarako. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da ekimena Etxeberrieta plazatik. Usurbildarrei ere bertara joateko deia egiten zaie. “Larunbatean Andoainera joateko deia egin digute. Otsailaren 28ko arrakasta eta indarrarekin jarraitu behar dugu! Erraustegia gelditu behar dugu eta horretarako kalera atera behar gara! Entzun eta ikusi gaitzatela!”, deitu zaie herritarrei.

Andoaingo, eskualdeko eta Gipuzkoako eragile mordoak bat egin du ekimenarekin. Tartean, eskualdeko errausketaren aurkako bilguneen artean, Usurbilgo Erraustegia Erabakia plataformak, Zubietako Herri Batzarrak eta Zubieta Lantzenek.

Andoaingo eragileekin batera, Gipuzkoa mailako Sortu, EHBildu, Irabazi, Ezker Anitza, ELA, LAB, ESK, Eguzki, Ekologistak Martxan, Zero Zabor IBE edota Errausketaren Aurkako Koordinadora ere hitzordura batu dira. Mehatxu oso larritzat jotzen dute erraustegia, eta Andoain ere eragin handiko perimetroan kokatzen dela nabarmendu dute martxa honen antolatzaileek.

Hitzaldia

Bigarren hitzordu bat datorren asterako. Usurbilgo Erraustegia Erabakia plataformak Nafarroako Sustrai Erakuntza Fundazioko kide Martin Zelaia gonbidatu dute Potxoeneara. Sustrai Erakuntza, “Nafarroako proiektu jasangaitzei erantzun juridiko-teknikoa” ematen dien fundazioa da. Hondakinen errausketaz mintzatuko da Zelaia, Potxoeneko saioan.

Datozen deialdiak

Martxoak 12, larunbata

17:00 Mobilizazioa Andoaingo Etxeberrieta plazatik abiatuta: “Osasunaren aldeko martxa. Erraustegiaren aurka” aldarripean.

Deitzailea: Andoaingo Ipar Haizea plataforma.

Martxoak 17, osteguna

19:00 Erraustegiak osasunean sortzen dituen ondorio kaltegarriei buruzko hitzaldia Villabonako Gurea zinema aretoan: Xabier Mitxelena medikuak hartuko du parte solasaldian.

Deitzailea: Aiztondoko plataforma.

Martxoak 18, ostirala

18:30 Hitzaldia Potxoenean: "Nafarroan errausketa kolokan? Errausketaren aurkako borroka juridiko-teknikoa".

Hizlaria: Martin Zelaia, Sustrai Erakuntzako kidea.

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia.