Alerta laranjan euriteengatik, ostegun eguerdira arte

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 9a, 06:37

Otsailaren 27an Zubieta inguruan uholde txikiak eragin zituen alerta egoera berean gara berriz. Alerta laranjan ostegun eguerdiko 12:00ak arte, "prezipitazio iraunkorragatik". 60-80 l/m² inguru pilatu daitezke zenbait lekutan. "Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, zenbait puntutan oso ugaria eta iraunkorra, batez ere kantauri isurialdean. Egunaren bigarren partean eta kantauri isurialdean trumoi-ekaitzak eta txingorra bota ditzake", Euskalmet-en iragarpenaren arabera.

Honez gain, gauerdira arte, abisu horian egongo gara haizeteengatik. 100 kilometro orduko abiadura gainditu dezake haizeguneetan, 60-80 kilometro orduko abiadakoak haizeguneak ez diren tokietan.

Martxoak 9, asteazkena

"Giro haizetsua eta euritsua. Fronte indartsu bat sartuko da eta eguna euripean igaroko dugu, gainera zenbait puntutan litro dezente pilatuko dira. Ezegonkortasuna areagotu egingo denez, egunaren bigarren zatian baina batez ere gauean trumoiak jotzeko eta txingorra egiteko aukera egongo da. Egunaren hasieran haizeak hego ukitua izango dugu eta tenperatura apur bat igoko da, baina goizak aurrera egin ahala ipar-mendebaldera egingo du haizeak eta dezente zakartuko da. Elur-kotak behera egingo du, eguerditik aurrera 1000 m-tik behera zurituko du eta 600 m-ren bueltan egunaren amaieran, hala ere baliteke noizbehinka 500 m-ra jaistea".

Martxoak 10, osteguna

"Eguraldiak ez dauka aldatzeko trazarik eta euri giroarekin jarraituko dugu, batez ere egunaren lehen partean. Zerua lainotuta egongo da eta euria denera zabalduko den arren, euri kantitate handiena kantauri isurialdean pilatuko da. Arratsaldean atertzeko joera hartuko du, bereziki ekialdean. Hasieran, elur-kota 600 m inguruan egongo da, baina igotzen joango da elurraren maila, eguerdi partean 900-1100 m inguruan egon arte. Ipar-mendebaldeko haizea harro ibiliko da, batez ere egunaren lehen partean eta gero indarra galduko du. Tenperatura apur bat jaitsiko da".

Martxoak 11, ostirala

"Hoberako bidean, baina guztiz lortu barik. Eguna giro goibelarekin eta umelarekin hasiko dugu, hodeiek zerua estaliko dute eta euri txikia egingo du, bereziki mendebaldean. Elur-kota 1000 m inguruan egongo da. Arratsaldean atertzeko joera hartuko du eta hodei geruza saretuz joango da. Ipar ukituko haizearen menpe jarraituko dugunez, tenperatura apur bat igoko den arren, hotz kontuekin jarraituko dugu".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus