Berrikuntza soziala lantzeko topagune berria eragileentzat, martxoaren 16an

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 10a, 08:30

Otsailaren 26an Hernaniko Gabriel Zelaia eraikinean egin zen eragileen arteko lehen topagunearekin, abian da Donostia-Beterri eskualdeko udalek, Foru Aldundiaren laguntzaz eta Urola Erdiko Berrikuntza, Iraurgi Berritzen Garapen Agentziarekin eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, Beterri eta Urola Erdia eskualdeetan berrikuntza soziala lantzeko antolatu duten Urberritzen proiektua. Iaz martxan jarritako Beteberritzen egitasmoaren segida da honakoa, bigarren fasea, otsailetik ekainera garatuko dena. "Topagunea izeneko elkarlanerako gunea sortu da eskualdeko eragileekin batera. Gune horretan, batetik, Beterri eskualdeko tokiko garapenaren gaineko gogoeta egin eta garapen-eredu berri baterako oinarriak adostuko dira. Bestetik, eskualdeko eragileen arteko elkarlanerako proiektu berriak identifikatu eta horiek martxan jartzeko urratsak zehaztuko dira", Elhuyar Aholkularitzak ohar bidez berri eman duenez.

Aurreko ostiraleko lehen saioan, proiektuaren lan-ildo nagusiak azaldu zituzten. "Lehen Topagunean prozesuaren xehetasunak azaldu ondoren, hitzaldiek eta talde-lanak hartu zuten lekukoa, eta aukera izan zen tokiko garapena sustatzeko helburuarekin beste eskualde batzuetan lanean ari diren bi esperientzia interesgarri entzuteko, Lea-Artibai eta Debagoienekoa, zehazki. Azaro Fundazioko Leire Arrizabalaga eta Bagarako Nagore Iraola izan ziren hizlariak, eta horien azalpenetatik, Beterrirako baliagarri izan daitezkeen hainbat gako identifikatu ziren taldeka. Taldeetan ateratako ondorioak oinarri, hurrengo saioetan gaian gehiago sakontzeko aukera izango da", adierazi dutenez. Horretarako hiru saio deitu dituzte, martxoak 16, apirilak 20 eta maiatzaren 4rako.

Bi eskualdeen arteko topaketa etorriko da gero, "Urola Erdiko Berrikuntza eta Garapen Agentziarekin batera, Trukegunea izeneko saioa egingo dute maiatzaren 18an, bi eskualdeek elkarrengandik ikas dezaten eta esperientziak truka ditzaten". Urberritzen prozesua borobildu eta ikasitakoa partekatzeko, azken saio bat iragarri dute ekainerako.

Prozesu irekia

Hurrengo saioen egutegia:

-Martxoak 16, apirilak 20 eta maiatzak 4: Topaguneak.

-Maiatzak 18: Trukegunea.

-Ekainean: prozesu amaierako jardunaldia.

Datozen saioetarako izena emateko:

688 684 956

688 685 586

enpresa@andoain.eus

Informazio gehiago:

http://berrikuntzasoziala.elhuyar.eus