Euri eta kazkabar erauntsia izan dugu azken orduotan. Azken 24 orduak hain zuzen, euriteengatik alerta laranjan igaro ditugu. Baina ez da aparteko arazorik sortu oraingoan. Errepidea arriskutsu bai, ur putzuengatik, baina errioa esaterako ez dago gainezka eginda. Oria hazita dator, baina bere bidetik, ostegun goiz honetan Santuenea parean atera ditugun irudiotan ikus dezakezuenez.
Ostegun eguerdira arte alerta laranjan jarraituko dugu. Gero ordea, giroak baretzera joko omen du:
Martxoak 10, osteguna
"Goizean oraindik ez da giro izango. Egunaren lehen partean zaparradak sarri botako ditu, batez ere kantauri isurialdean, bertan gainera zaparradak trumoitsuak izango dira eta txingorra egin dezake. Arratsaldean eta gauean atertzeko joera hartuko du eta oraindik euria egingo badu ere, zaparradak ahulagoak eta tartekatuagoak izango dira. Elur-kota, hasieran 600 m-ra egongo da, ekialdean apur bat beherago egon daiteke, baina igotzen joango da eta eguerdi partean 1000 m inguruan egongo da. Iparraldeko haizeak zakar joko du goizean, baina egunak aurrera egin ahala ahultzen joango da. Tenperatura apur bat jaitsi eta hotzetik jarraituko du".
Martxoak 11, ostirala
"Hobetzeko joera hartuko du, baina oraindik euri apur bat egingo du eta hotz kontuekin jarraituko dugu. Eguna giro goibelarekin eta umelarekin hasiko dugu, hodeiek zerua estaliko dute eta euri txikia egingo du, goizaldean eta goizean goiz bereziki. Elur-kota 1000 m inguruan egongo da. Arratsaldean apenas egingo duen euria eta hodei geruza saretuz joango da. Haizea iparraldetik sartuko da eta hotz kontuekin jarraituko dugu".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus