Errausketaren aurkako eta osasunaren aldeko martxa, larunbatean Andoainen

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 11a, 00:05

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubieta gainean eraiki asmo duen erraustegiaren aurkako ekimenez josia datoz hurrengo egunak. Manifestazio eta hitzaldiak deitu dira, errausketaren "0 gunea" inguratzen duten udalerrietan.

Hasteko, errausketaren aurkako eta osasunaren aldeko mobilizazioa deitu du Andoaingo Ipar Haizea plataformak, larunbat honetarako. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Etxeberrieta plazatik. Usurbildarrei ere bertara joateko deia egiten zaie. “Larunbatean Andoainera joateko deia egin digute. Otsailaren 28ko arrakasta eta indarrarekin jarraitu behar dugu! Erraustegia gelditu behar dugu eta horretarako kalera atera behar gara! Entzun eta ikusi gaitzatela!”, deitu zaie herritarrei.

Andoaingo, eskualdeko eta Gipuzkoako eragile mordoak bat egin du ekimenarekin. Tartean, eskualdeko errausketaren aurkako bilguneen artean, Usurbilgo Erraustegia Erabakia plataformak, Zubietako Herri Batzarrak eta Zubieta Lantzenek.

Andoaingo eragileekin batera, Gipuzkoa mailako Sortu, EHBildu, Irabazi, Ezker Anitza, ELA, LAB, ESK, Eguzki, Ekologistak Martxan, Zero Zabor IBE edota Errausketaren Aurkako Koordinadora ere hitzordura batu dira. Mehatxu oso larritzat jotzen dute erraustegia, eta Andoain ere eragin handiko perimetroan kokatzen dela nabarmendu dute martxa honen antolatzaileek.

Hitzaldiak

Bigarren hitzordu bat datorren asterako. Usurbilgo Erraustegia Erabakia plataformak Nafarroako Sustrai Erakuntza Fundazioko kide Martin Zelaia gonbidatu dute Potxoeneara. Sustrai Erakuntza, “Nafarroako proiektu jasangaitzei erantzun juridiko-teknikoa” ematen dien fundazioa da. Hondakinen errausketaz mintzatuko da Zelaia, Potxoeneko saioan.

Nafarroako Gobernuak hain zuzen, Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko plan integratua prestatzeko prozesua abian jarri du. 2025a arte martxan izango da. Ez du aurreikusten errauskailurik, hedabideek berri eman dutenez. "Urteotan horrenbeste zabaldu den erabili eta bota kulturatik, hondakinak baliabidetzat hartu eta bigarren aukerak ematera pasa behar gara", azaldu du Landa Garapenerako kontseilari Isabel Elizaldek. 2025erako %10 jaitsi nahi dute sortutako hondakinen kopurua; bio-hondakinen %75 birziklatu nahi dute, ontzien %90 birziklatzea eta tratatu gabeko 0 hondakin egotea. Prebenitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea sustatu nahi dute beraz, errausketa alboratuta. Martin Zelaiak emango ditu argibide gehiago, Potxoeneko saioan.

Aurretik, beste bi hitzaldi eskainiko dituzte Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kideek, Villabonan eta Donostian:

Datozen deialdiak

Martxoak 12, larunbata

17:00 Mobilizazioa Andoaingo Etxeberrieta plazatik abiatuta: “Osasunaren aldeko martxa. Erraustegiaren aurka” aldarripean.

Deitzailea: Andoaingo Ipar Haizea plataforma.

Martxoak 14, astelehena

19:00 Hitzaldia Donostiako Koldo Mitxelenan: "Osasuna eta errausketa: errauste plantek pertsonen osasunean eragiten duten arriskua".

Hizlariak: Maialen Berridi, Jose Cruz Villandiego, Jose Luis Paulin, Xabier Mitxelena eta Marta Barandiaran doktoreak.

Antolatzailea: Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea.

Martxoak 17, osteguna

19:00 Erraustegiak osasunean sortzen dituen ondorio kaltegarriei buruzko hitzaldia Villabonako Gurea zinema aretoan: Xabier Mitxelena medikuak hartuko du parte solasaldian.

Deitzailea: Aiztondoko plataforma.

Martxoak 18, ostirala

18:30 Hitzaldia Potxoenean: "Nafarroan errausketa kolokan? Errausketaren aurkako borroka juridiko-teknikoa".

Hizlaria: Martin Zelaia, Sustrai Erakuntzako kidea.

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia.