Euskarazko 8 film labur, gaurko Laburbiran

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 13a, 08:45

27 udalerri bisitatuko ditu asteotan NOAUA! Kultur Elkartea kide duen Euskaltzaleen Topaguneak antolaturiko Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuituak. Hamahirugarren edizioa, igande honetan, martxoaren 13an helduko da Usurbila. Urtero moduan, NOAUA!ren eskutik, azken urtean euskaraz ekoitzi diren 8 ikus-entzunezko lan ezagutzeko aukera izango duzue, arratsaldeko 19:00etan hasita Sutegiko auditorioan. Ekitaldirako sarrera doakoa izango da. Eroso jarri eta gozatu, euskarazko film laburren uzta berrienaz.

Euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea da egitasmo honen helburua. “Ate joka da hamahirugarrenez Laburbira! Aurten ere euskarazko zortzi ekoizpen fresko-fresko dakartza, hunkituko zaituzten istorio anitzez kargatuta. Izan ere, euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileek ez dute etenik, kalitatezko lanak egiten jarraitzen dute. Zeuk ere bertatik bertara ikusiko duzu: barrea, beldurra eta tximeletak piztuko zaizkizu sabelean ordu eta erdi inguruko emanaldi honetan. Geureaz gozatzeko prest?”. Honatx ikusi ahalko dituzuen lanak:

“Zea Bingo”: 2015 (5´). Ane Urkiola.

Sinopsia: "Luxuzko hotel baten harrerako emakumearen pasioa Bingoa da. Bere helburua, ordea, ez da aberatsa izatea. Baina gau ekaiztsu batean zortea bere alde agertzen da. Bingoa osatzeko zenbaki baten faltan, italiar bikote bat sartzen da hotelera, harrerako andrearen jokaldia zapuztuz… Baina damutuko zaie, bai horixe!".

Ane Urkiola: Eibar, 1988. Ikus-Entzunezko komunikazioan lizentziatua eta Zinema eta Telebista Zuzendaritzan Masterduna da. Telebista eta zine ekoizpenean aritua aipagarriak diren ekoizpen hauetan: Picadero (Caravan Films), Zarautzen Erosi Zuen (Komunikazioa, Moriarti), EITB-ko promozioak (Irusoin), La Vida Real (Limbus Filmak), Corazón (Zerkalo Films).

“Erreplika”: 2015 (14´30´´). Iñigo Gaiton Gonzalez de Txabarri.

Sinopsia: "Patxi Olidenek “Itxastresna” surf oholak egiten zituen tailerraren gainean bizi izan zen Mikel Agote umetan. Tailerreko atea erdi irekita ikusten zuenetan, gerturatu eta paretetatik zintzilik zeuden taulei begira geratzen zen liluraturik. Gaur egun, surfean aritzeaz gain, Mikel oholgilea ere bada ofizioz".

Iñigo Gaiton Gonzalez de Txabarri: Orio, 1987. Musika Hezkuntzan diplomatua, azken bi ikasturtetan Orioko Curriculuma proiektu pedagogikoa koordinatzen aritu da lanean. 2013.urtean burututako “Eitb/Ehu Multimedia Komunikazioa” masterrean izan zuen lehen harremana ikus-entzunezkoen ekoizpenarekin. Erreplika bere lehen film laburra da, miresten dituen herriko bi laguni buruzko istorio txiki bat.

“Jorrai”: 2015 (3´). Uda Films.

Sinopsia: "Hustu, bete eta hustu. Otzara eta erakustazoka, Karajan garaikoa".

Uda Films: Haizea Azpilikueta, Unai Portilla, Asier Ugarte, Egoitz Diez, Eneko Zuberogoitia, Leire Zarate eta Ane Zuazubiskar. Ikus-entzunezko Komunikazio graduko lehenengo mailako zazpi ikaslek osatutako taldea da Uda Films. Hemezortzi eta hogeita bi urte bitarteko gazteek osatutako taldeak elkarlanean egin duten lehen film laburra da.

“Fishura”: 2015 (6´45´´). Yago Mateo. 

Sinopsia: "Irenek ezin ditu begiak kliskatu. Ez ezin duelako, baizik eta bizitzako une garrantzitsuak galtzearen beldur delako. Arrainak dira, antza, bere egoera uler dezaketen bakarrak. Animalia hauekiko maitasun itsuak etikaren mugak gainditzera eramango du Irene".

Yago Mateo: Gasteiz, 1993. Yago Mateok betidanik izan ditu gustuko zinema eta antzerkiaren munduak. Aktore bezala hasi zen GO!azen film musikalean eta orain zuzendari lanetara pasatu da. Ikus-entzunezko ikasketak burutu eta jada bederatzi film labur zuzendu ditu baita sari batzuk jaso ere.

“Bere bizitzetako bat”: 2014. (8´). Aitor Gametxo

Sinopsia: "Zinegile amateur batek Parisera egindako bidaia batean grabatutako eta idatzitako material dena bidali zion bere lagun minenari: “Instanteok, filmatuak izanik, ezin izan nituen bizi, eta beraz, jada ez dira nereak” dio zapata-kaxa batean bidalitako lehen oharrak".

Aitor Gametxo: Lekeitio, 1989. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi ondoren, Bilbo eta Bartzelona bitartean, Bartzelonan egin zuen Sormenezko Dokumentalgintzan masterra. Ordutik ikus-entzunezko teknikari lanetan ibili da Donostiako Tabakalera edo Bartzelonako CCCB bezalako kultur zentroetan. Bere lanaz gain, banakako nahiz talde-proiektuetan parte hartu du.

“Brunilda” 2015 (12´50´´). Eriz Alberdi. 

Sinopsia: Jokinek ez daki bere beldurrei aurre egiten. Ustekabeko bisita batek, bere bizitza betirako aldatuko du.

Eriz Alberdi: Bilbo, 1979. 2002an, Arte Eszenikoen Tailerreko ikasketak bukatu eta gero, aktore bezala hasi zen lanean gaur egun arte. Bere lanen artean, antzerkian “Nasdrovia Chejov”, “Ezetz egan egin” eta “Moby Dick” aurkitu ditzakegu. Zinean “Ander” pelikulan lan egin zuen. Telebistan, “Goenkale” telesailean 3 urtez lanean ibili da eta parte hartutako laburmetraien artean “La gran Carrera”, “Lagun mina” edo “Don Miguel”en lan egin du besteen artean. “Brunilda” berak zuzendutako lehenengo laburmetraia da eta honekin, IKUSKA festibalean (Pasaia) Euskarazko laburmetrai onenaren saria jaso zuen.

“Hartz Txiki” 2015 (16´30´´). “The Arlotes”, Uraitz Soubies.

Sinopsia: "Eneko 5 urteko seme txikia gauero joaten da gurasoen ohera eta ez die ondo lo egiten uzten. Gurasoek hartz txiki bat oparitzen diote, berarekin lo egin dezan. Eneko eta panpintxoa berehala egingo dira lagun minak".

“The Arlotes”, Uraitz Soubies:  “The Arlotes filmak” dira, Uraitz Soubies zuzendaria (Gasteiz, 34 urte), Ruben Sanchez gidoilaria (Gasteiz, 40 urte) eta beste hainbat lagun, kolektibo moduan funtzionatzen dutenak. Duela 2-3 bat urte “The Arlotes” marrazki bizidunak egin zituzten, eta azken aldian laburmetrai batzuk egiten dabiltza.

“Semeak”: 2015 (7´25´´). Iker Azkoitia.

Sinopsia: "Bikote gazte bat edukiko duten seme-alaben izenei buruz hitz egiten ari da. Umeen heziketak bikotearen kide bati asko arduratzen dio bere ama-hizkuntzaz ezin izango dituztelako hazi. Dena zailtzen da honek etxe-istripu baten ondorioz hizkuntza-transtorno bat garatzen duenean. Kontseiluak eta Donostiako Zinemaldiak antolatutako “Euskaraz bizi nahi dut” lehiaketan profesionalen ataleko lehen saria lortu zuen pasa den irailean".

Iker Azkoitia: Aretxabaleta, 1987. Publizitatean lizentziatua (EHU), New York Film Academy-ko ikasle izandakoa eta Arte4-n arte dramatikoan diplomatutako aktore, musikari eta zinemagile gazte honek bere lanetan diziplina ezberdin hauekin jolasten ohi du. Libre, bere lehen laburrarekin, bi sari jaso zituen (IV. Huehizenameran sari finalista haien artean – 2012) eta ko-idatzi eta ko-zuzendutako Copygram-ek laburren sari irabazlea jaso zuen Donostiako fantasiazko eta beldurrezko zinemaldian (2014).

Informazio gehiago: topagunea.eus/laburbira/