Herri galdeketarako bidea argitzen

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 11a, 21:34

Ostiral iluntzea argitu berri da, herritarrek aireratu dituzten desio eta borondatedun kriseiluekin. Usurbilgo Gure Esku Dagok sute arriskuagatik, abenduaren 31n bertan behera utzi zuen "Borondateen Kriseiluak" ekitaldia ospatu da ostiral honetan. Mikel Laboa plazan zen lehen hitzordua, kriseiluak jaurti nahi zituzten herritarrak biltzeko gunea. Trikitilariek giroturiko kalejiran abiatu dira Bordatxo ondotik, Udarregi Ikastola pareko zelaira. Gero, taldetan, elkarlanean kriseiluak prestatu eta suarekin argitu dituztenean etorri da ekitaldiko une zirraragarriena. Kriseiluak aireratu, herritarren erabakia ilunpetik atera eta zerua argitu duten unea.

2017ko herri galdeketarako prestatzen

Ostiral honetan ospatu den "Borondateen Kriseiluak" ekitaldia, datorrenaren aurrerapen bat baino ez da izan. "Erabakiaren bidea lantzen jarraitu nahi dugu", zioten Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeko kideek, gaurko antolatua zuten ekitaldi hasieran. Erronka handi askoa aurkeztu diete herritarrei. Duela aste batzuk iragarri zuten moduan, herritarrek hitza hartuko dute datorren urtean; 2017. urtean herri galdeketa egingo da Usurbilen.

Hitzordu handi hau prestatzeko, herritarren laguntza behar du erabakitze eskubidearen aldeko bilguneak. Auzolanean landu nahi baitute galdeketa. "Hainbat batzorde osatu beharko dira elkarte bat sortzeko, galdera pentsatzeko, auzoz auzo, taldez talde eztabaida pizteko. Eta hori egiteko lan talde anitza beharko dugu. Ongi etorriak izango zarete", adierazi dute "Borondateen Kriseiluak" ekitaldian.

Maiatza edo ekaina aldera iragarri dute hurrengo hitzordua. Ordura arte, jakin dezazuen, ostiral arratsaldero biltzen segiko du Gure Esku Dagok Potxoenean. "Etorri gurekin lanera, gonbidatuak zaudete!", luzatu diete gonbita herritarrei.