Andoaingo mobilizazio jendetsuaren ostean, erraustegiari buruzko hitzaldiak egunotan

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 14a, 02:47

Ondoko irudian, erraustegiaren aurka eta osasunaren alde, Andoaingo Ipar Haizea herri plataformak udalerri berean larunbaterako deitu zuen manifestazioko irudia duzue. Jendetza batu zuen, herriko, eskualdeko nahiz Gipuzkoako denetariko eragileen atxikimendua jaso zuen mobilizazioak. Gogoan izan, eskualdeko errausketaren aurkako bilguneen artean, Usurbilgo Erraustegia Erabakia plataformak, Zubietako Herri Batzarrak eta Zubieta Lantzenek bat egin zutela manifestazioarekin.

Andoaingo eragileekin batera, Gipuzkoa mailako Sortu, EHBildu, Irabazi, Ezker Anitza, ELA, LAB, ESK, Eguzki, Ekologistak Martxan, Zero Zabor IBE edota Errausketaren Aurkako Koordinadora ere hitzordura batu ziren. Mehatxu oso larritzat jotzen dute erraustegia, eta Andoain ere eragin handiko perimetroan kokatzen dela nabarmendu zuten martxa honen antolatzaileek.

Hitzaldien astea

Andoaingo manifestazioa ordea, ez da egunotarako erraustegiaren aurka deitua dagoen ekimen bakarra. Hitzaldien astea dugu honakoa. Hasteko, gaur, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kideek hitzaldia eskainiko dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Eta ostiralean beste saio bat iragarri dute Potxoenean:

Datozen deialdiak

Martxoak 14, astelehena

19:00 Hitzaldia Donostiako Koldo Mitxelenan: "Osasuna eta errausketa: errauste plantek pertsonen osasunean eragiten duten arriskua".

Hizlariak: Maialen Berridi, Jose Cruz Villandiego, Jose Luis Paulin, Xabier Mitxelena eta Marta Barandiaran doktoreak.

Antolatzailea: Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea.

Martxoak 17, osteguna

19:00 Erraustegiak osasunean sortzen dituen ondorio kaltegarriei buruzko hitzaldia Villabonako Gurea zinema aretoan: Xabier Mitxelena medikuak hartuko du parte solasaldian.

Deitzailea: Aiztondoko plataforma.

Martxoak 18, ostirala

18:30 Hitzaldia Potxoenean: "Nafarroan errausketa kolokan? Errausketaren aurkako borroka juridiko-teknikoa".

Hizlaria: Martin Zelaia, Sustrai Erakuntzako kidea.

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia.