Tipi-Tapako zozketako sarituetako bat, agertu da jada

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 14a, 08:30

Jurgi Fuentes dugu, igandean ospatu zen Tipi-Tapako zozketako sarituetako bat. Zozketa egin eta berehala agertu zen ondoko irudietan pozik asko ageri den herritarra. Hurbilago Elkarteko saltokietan xahutu ahalko duen 150 euroko erosketa balea tokatu zaio, 4.943 zenbakidun Tipi-Tapa txartelaren jabeari. Bigarren saria, 2 lagunentzako otordua, 4.958 zenbakidunari egokitu zaio.

Hurrengo Tipi-Tapa, apirilaren 10ean izango da. Baina aldaketarik ez bada behintzat, Hurbilago Elkarteak antolaturiko ekimena, bost ez lau tabernetan ospatuko da; aurreko aste hasieran Txiriboga itxi baitzuten. Apirilaren 10erako Irazu kaleko taberna hau berriz irekitzen ez badute behintzat, hilabete barruko ibilbide gastronomikoak lau geraleku izango ditu; Artzabal, Bordatxo, Txirristra eta Aitzaga.