Asteartea, Errigoraren oliba olio bidoiak jasotzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 14a, 08:35

NOAUA! Kultur Elkarteko ostegunean heldu ziren, azken asteotan eskatu dituzuen Errigoraren elkartasun kanpainako oliba olio bidoiak; Udarregi Ikastolan eta NOAUA!n bertan egin dituzuen eskaerei, Internetetik bideratu dituzuenak batuta, guztira 5 litroko 121 oliba olio bidoi eskatu dituzue. Nafarroa hegoaldean ekoitzitako 605 litro oliba olio birjina estra ekologiko eta konbentzional orotara.

Kanpaina arrakastatsua izan da aurtengoa. Iaz urte garai honetan Errigorak antolatu zuen ekimen honen baitan, 65 bidoi saldu baitziren NOAUA! bidez. Oraingoan 121, duela urtebeteko datuekin alderatuta, kopurua bikoiztu da honenbestez.

Usurbilgo datuak Euskal Herri mailakoen isla dira. "75.000 litro olio! Iaz baino %65 eta 2014an baino %150 gehiago!!", antolatzaileen esanetan. Kanpainak oro har izan duen arrakastarekin pozik dira. "Ederra egin dugu!!!", diote kaleratu duten eskuorrian.  "75.000 litro olio eskatu ditugu 5.000 etxe baino gehiagotan. Oraingoan bai! Oraingoan, gure txikitasunean, ederra egin dugu!!! Mila esker hau posible egin duzuen Errigorako kide, euskaltegi, ikastola, eskola, herri komunikabide, lantoki, elkarte eta herrigintzako boluntario guztiei!", adierazi dute.

Taula honetan zenbakitan bildu dugu, Errigoraren kanpainak Usurbilen eta Euskal Herrian izan duen arrakasta:

Usurbilgo datuak

Eskaera lekuaOliba olio ekologikodun bidoiakOliba olio konbentzionaldun bidoiakGuztira
NOAUA! Kultur Elkartea47 (235 litro)43 (215 litro)90 (450 litro)
Udarregi Ikastola16 (80 litro)4 (20 litro)20 (100 litro)
Internet bidez8 (40 litro)3 (15 litro)11 (55 litro)
Guztira71 (355 litro)50 (250 litro)121 (605 litro)

Euskal Herriko datuak

201420152016
Oliba olio litroak30.00045.50075.000
Kontsumitzaileak1.5003.0005.000
Herriak305068
Ekoizleak124

Asteartea baino lehen etorri bidoiak jasotzera

Bai NOAUA!n, baita Udarregi Ikastolan edota Internet bidez ere eskaera bideratu duzuenok, asteartea baino  lehen etorri bidoiak jasotzera, NOAUA!ko egoitzara. NOAUA!-ko egoitzan bakarrik eskuratu ahalko dituzue. 5 litroko bidoiak jasotzerakoan egin beharko dira ordainketak. Gogoan izan prezioak: 32 euro balio du oliba olio birjina estra ekologikoko bidoi bakoitzak; 22,50 euro, oliba olio birjina estra konbentzionaldun bidoiek.

"Kontsumo eredua aldatzeko gonbita"

"Eskutik eskura bertako produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da. Gure kontsumo eredua aldatzeko gonbitea. Kontsumitzaile arduratsuak herriz herri elkartzeko saiakera: gutako bakoitzari on egin dagion eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun", dio Errigorak bideratu duen kanpaina honen inguruan, ohar bidez.

Tokiko ekoizpena eta euskara sustatu nahi izan dituzte beste behin. "Euskarari ere on egingo diogu, ekoizleak euskarara erakarriz", diote kanpainako antolatzaileek. Kalitatezko produktua, euskaraz etiketatua eta bidezko prezioan eskuratzeko aukera izan dugu beste behin, Errigoraren "Eskutik eskura" egitasmoari esker. Eta ekimenean parte hartuta, Nafarroa hegoaldeko ekoizpena sustatzen, lurraldeen arteko harremanak sendotzen eta ingurumena zaintzen laguntzeko aukera izan da.

Honatx Kanpainan parte hartu duten olio ekoiztetxeak:

La casa del aceite (Cascante)

Nuestra Sra del Rosario kooperatiba (Ablitas)

Bardea (San Isidro del pinar)

Ekolo (Arroitz)

Errigoraren hurrengo kanpaina maiatzaren 12tik 24ra; kontserba loteena. Zainzuriak, barazki-menestra, barazki-kremak, tomate-saltsa, orburuak, pikillo piperrak eta potxak eskuratzeko aukera izango duzue.

Informazio gehiago: errigora.eus