Lartzandietako zaldi bat, Dubaiko txapelketan

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 12a, 10:51

 

Sasoi betean da eta inoiz pentsatuko ez zuen milaka kilometroetako bidaia egin berri du. Lartzandietako ondoko irudiko zaldiaz ari gara. 8/9 urte ditu. Dubain da honez gero,  140 kilometroko lasterketan parte hartzeko prest. Zaldi gainean, Errusiako selekzioko kide bat izango du. Txapelketa honek eskatzen duen maila emateko moduko edo profil horretarako zaldirik ez omen zuten antza eta “guri gonbidatu gaituzte harantz joateko zaldiarekin”, adierazi dio aldizkari honi Iñigo Huegunek.

Hain zuzen, ondoko argazkia Lartzandietako zaldiak lehenbizi Belgikara eta handik hegazkinez Dubaiko bidea hartu aurretik, Zubietako hipodromoan egin zuen azken entrenamendu saioan ateratakoa da. Beharko prestatu, Huegunek aditzera eman digunez, Dubaiko txapelketako lurzorua hemengoaren “berdintsua izango da baina giroak ez du zerikusirik. Bero egingo du. Esaten dutenez, Europatik joandako zaldiek urtebete behar dute han egokitzeko. Beste baldintza batzuetan lasterka egin behar dute. Nahiz eta fisikoki prestatua egon, mentalki zaldi bat desertuan jarri eta aurrerantz segitzeko, egokitu beharra du. Geure kasuan, egokitzapen hori, ahal den neurrian, hipodromoan eman diogu”.

 

Adin egokian

Ibilbide luzea egina du jada zaldi honek eta ondo prestatua dago. Euskal Herria zonalde menditsua izanik, inguru honek oso ezaugarri honak ditu horretarako. “Hemen zaldiak fisikoki oso indartsuak jartzen dira”, adierazi digu Huegunek. Prestaketa “ia lan guztiak ondo egin ditu”, Lar Zaldiak-eko jabearen esanetan. Sasoi betean da, adin egokian, gazteetan hasitako txapelketak ere ondo paseak, sailkapenean gorantz ondo egin du eta “orain, goi mailara gerturatzen” ari da eta Huegunen esanetan, “hemendik aurrera izango ditu beste lauzpabost urte onak, kirol mailarik altuena emateko”.

 

“Plaza” garrantzitsua

Dubaiko txapelketan erakustaldia egiteko aukera izango du, eta ez du ikuslerik faltako. Tartean izango dira begiraleak ere. “Goiko maila horretan plaza on batera azaltzean, begirale edo erosleak hor egoten dira”, azaldu digu usurbildarrak. Dubaikoa bezalako aukerak gutxi izango dituztela eta, larunbatekoa “plaza” polita izan daitekeela dio, salmentarako esaterako. “Zaldiekin gabiltzanok, eta neure kasuan bizibide den honetatik, zaldi bat bere adinera iritsi eta kirol munduan gaudenean, baloratu behar da, zerorrek jarraitu lan egiten edo beste bati utzi gozatzen zuk egin duzun lanaz”, dio Huegunek. Ia larunbateko txapelketak zer ematen duen.