Kultura, Euskara eta Gazteria batzordeak lehenik, eta otsailaren 23an izandako osoko bilkurak gero, aho bateko babesa eman zion Usurbilgo Udalaren eta NOAUA! Kultur Elkartearen arteko lankidetza hitzarmena beste 4 urterako berritzeari. Udal ordezkarien onespenaren ostean, astearte goiz honetan sinatu da hitzarmena. Iruditan dituzue Udala eta NOAUA! K.E. ordezkatu duten kideak; Udalaren aldetik, Xabier Arregi alkatea eta Xuban Zubiria zinegotzia; eta NOAUA!-ren izenean, Idoia Torregarai lehendakaria.
Euskara eta euskal kultura, ardatz nagusiak
2012an sinatu zen hitzarmena hartu da oinarri gisa, datozen lau urteotakoa lantzerakoan eta bere helburua, "NOAUA! Kultur Elkartearekin dirulaguntza-erregimena eta prekarioz lagatuko dion lokalaren erabilpena arautzea da". Hitzarmenak noski, helburu gehiago ditu:
-Euskararen erabilera zabaldu, Usurbilgo bizitza-esparru guztietan normaldu eta bermatu eta garai berrietara egokitzeko aberastea.
-Euskal kultura zaindu eta ezagutzera ematea, iraganeko sustrai kulturalak galtzen ez uztearren eta sortuko den kulturgintza bermatuz.
-Gaur egungo kulturgintzan jardutea, bertakoa landuz. Kulturgintza unibertsala herriratzeko zubi eta bitarteko izatea.
-Usurbil ezagutzera emateko bide egokiak taxutzea. Herrikoak munduan barrena bizi diren beste herri eta kulturak ezagutzeko aukerak gihartzea.
-Aurreko helburuen ildotik, herriaren aurrerabiderako egoki izan litezkeen ekintza, egitura eta jarduera ekonomikoak antolatzea.
4 urterako laguntza bermatua
Hurrengo urteotan Udalak NOAUA! aldizkarirako, web orri honetarako eta hitzartutako publizitatearekin lagunduko du. Trukean, NOAUA! aldizkarian orrialde osoko lau publizitate jarriko ditu Udalak urtero, Santixabel jaiei, Sagardo Egunari, emakumeei eta ingurumenari loturikoak. Honez gain, "NOAUA! Kultur Elkarteak, herriari zuzendutako ekintza guztietan Udalaren laguntza eta babesa jasotzen duela adieraziko du".
Hurrengo NOAUA!, apirilaren 8an
Egunotan eskuragarri izango duzuen astekaria izango da oraingoz, plazaratuko dugun azkena. Hurrengo bi asteetan aldizkaririk ez da izango. Datorren NOAUA!, 652. zenbakiduna, apirilaren 8an argitaratuko dugu. Aldizkari horretarako zorion agur edo oharrik baldin baduzue, apirilaren 4a baino lehen ekarri NOAUA!ko egoitzara, edo erredakzioa@noaua.eus helbidera bidali. Argibide gehiagorako: 943 360 321. Aldizkaririk egon ez arren, asteotan web orrialde hau albisteez elikatzen segiko dugu.