Martin Zelaia, Sustrai Erakuntza Fundazioa: "Argi dago erraustegia ez dela behar"

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 15a, 00:40

Nafarroako Gobernuak, hondakinak murriztu eta gaikako bilketa %75era igotzea helburu duen kudeaketa plan berria aurkeztu du. Ez dago argi, birziklaezintzat jotzen duten hondakinen gainerako %25arekin zer egin asmo duten. Erraustegia eta zabortegiak aipatzen dituzte. Erraustegia, eta ingurumena kaltetzen duten halako proiektu handien aurka, eremu juridiko eta teknikotik lanean dihardu Sustrai Erakuntza Fundazioak. Egiten dutenaz, izan dituzten lorpenez, eta Zubietako errauskailuaz ariko da fundazioko kide Martin Zelaia, ostiral honetan 18:30etan Potxoenean, Erraustegia Erabakia herri plataformak antolaturiko “Nafarroan errausketa kolokan? Errausketaren aurkako borroka juridiko-teknikoa” hitzaldian. Zenbait argibide eman dizkigu Zelaiak, hitzaldi aurretik.

Nafarroako hondakinen plan berrian, errausketa alboratu dutela esan dezakegu?

Martin Zelaia: Hor dago koxka. Hondakinen %25 ezin dela birziklatu, eta guztia zabortegira edo %10a erraustera eta gainerakoa zabortegira joan behar lukeela diote. Bi eskenatoki horien artean erabaki behar dela. Guk uste dugu ezin dela erraustu ezer, baina horretarako, %25 hori murriztu behar dela uste dugu. Plana aldatu behar da, baina ez bakarrik bi eskenatokion artean erabakitzeko. Ehuneko hori murriztu eta nola kudeatu erabakitzeko.

Are gehiago, ehuneko hori murrizten duten esperientziak badirela jakinda.

Badaude bideak, eta horretan saiatu beharra dago. Bestalde, erraustu beharreko zatia, Nafarroatik kanpora bidaliko litzatekeela diote. Horrek zer esan nahi du, Gipuzkoako erraustegira eramango dela zati hori?

Argitu beharreko kontuak dira hauek. Nola baloratzen duzue plan osoa?

Forma aldetik asko aldatu da oraingo Gobernua. Plan itxi bat aurkeztu beharrean, hainbat eskenatoki aurreikusten dituena aurkeztu du. Hainbat bilera egin dira eta parte hartu dugu. Oraindik ere ez dago erabat itxia eta bileretan parte hartzen segiko dugu. Hori bai aldaketa dela. Lehengo gobernuak ez ziren horrelakoak. Bestetik, berrikuntzak daude. Europatik datorren ekonomia zirkularrari loturiko araudia planean sartuta dago, edo hori diote behintzat. Positiboa da hori. Baina bestalde, gaikako bilketaren ehunekoetan ez dira hain zorrotzak, zorrotzagoak izan behar dute. Gehiago birziklatzen saiatu behar dute. Errausketaren eskenatoki hori guretzat ez da batere zuzena.

Zein da zuen lan eremua, Sustrai Erakuntza Fundazioan?

Ingurugiroa kaltetu eta jasangaitzak diren hainbat proiektu handiren aurka lan egiten dugu. Nafarroan eta Euskal Herri osoan, beti egon dira halako proiektuak eta hauen eraginaren aurka kalean borrokatzeaz gain, arlo tekniko eta juridikotik ere gehiago lantzeko sortu genuen Fundazioa.

Zuen lan eremutik, zer erantzun eman diezaiokegu Zubietan eraiki eta herritarrek nahi ez duten erraustegiari?

Argi dago proiektu hau ez dela behar, eta ezin dela egin. Herri eta Mankomunitate askotan ikusi dugu zenbat birziklatu dezakegun eta zer gutxi dagoen errausteko. Bestetik, ikusi dugu baita, errausketak nola kutsatzen duen eta hori ezin dugu onartu. Orain kezkatzen gaituena da, Nafarroako hondakinen planak jasotzen duela, bertako hondakinak Nafarroatik kanpo erraustu daitezkeela. Nafarroatik kanpoko erraustegia, ezer ez dakigun arren, Gipuzkoako errauskailua izan daiteke. Halakorik ez dugu onartuko noski.

Hau guztia zabalago Potxoeneko hitzaldian azalduko duzue ezta?

Bai. Hitzaldia 3 ataletan banatuko dugu. Lehenik, Sustrai Erakuntza aurkeztuko dugu. Bigarrenik, hitz egingo dugu nola lortu genuen lehengo Nafarroako hondakinen plana bertan behera uztea. Plan hark Tafalla aldean errauskailu handi bat aurreikusten zuen. Nahiz eta gero esan ezin zutela egin, guk jarria genuen salaketa bat auzitegietan. Azkenean bai Nafarroako eta Madrileko auzitegiek arrazoia eman ziguten. Bertan behera geratu zen. Horregatik ari dira orain plan berria egiten. Olaztiko zementu enpresak ere hondakinak errausteko baimena eskatua zuen. Salaketa jarri genuen. Nafarroako Gobernuak esana du ezin dela erraustu, iraungi zaiela eskatua zuten baimena.

Hainbat lorpen izan dituzue zuen borrokan?

Nafarroan zenbait lorpen izan ditugu. Lehengo hondakinen plana guk utziarazi genuen bertan behera. Berrian jada errausketa ez da hainbeste bultzatzen. Lehen dena erraustu behar zen, eta orain %10a. Borroka hauek bai arlo juridiko-teknikotik bai arlo popularrean islatu eta bultzatu behar dira, leku guztietan. Nafarroatik kanpo, beste herrialdeetan gure antzekoak diren beste talde batzuk sortzea proposatzen dugu.