Usurbilgo hondakinen kudeaketa eredugarri, 7 urteren ostean

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 16a, 09:16

Ohitura aldaketa txiki batek, birziklatze tasaren ehunekoa irauli zuen udalerri honetan duela 7 urte, 2009ko martxoaren 16an. Usurbil Euskal Herrian hondakinen kudeaketan aitzindari bihurtu zuen. Guztia, atez ateko bilketak eragin zuen sakoneko aldaketari esker. Usurbilen edukiontziak kendu eta aipatu sistema martxan jarri zela 7 urte bete dira asteazken honetan.

Usurbilek egindako apustua eredugarritzat jo zen, inguruotan, baina baita urrutirago ere. Eta horren lekuko, urte guztiotan Usurbilgo hondakinen kudeaketa gertutik ezagutzera etorritako hainbat lagunen bisitak. Azkenak martxoaren 4an izan genituen. Lleidako Segarra eskualdeko teknikari eta ordezkari talde bat etorri zen Usurbila. Ondoko argazkian dituzue, hondakinen kudeaketarako udalerriak dituen baliabideak ezagutzeko gidari lanetan jardun zuen udal gobernu taldeko kideekin batera.

Usurbil, praktika onen mapan

Taldeko argazkia ateratzerakoan galdetu genien ia nolatan zuten Usurbilgo hondakinen kudeaketa ezagutzeko jakinmina. Eredu garela adierazi ziguten. “Urte asko daramagu hondakinen kudeaketaren inguruko lanketan. Esperientzia eredugarrien berri izan dugu. Usurbilgoa azken urteotan sarritan entzun dugu, erreferentea eta oso ezaguna baita penintsula osoan”, adierazi zioten aldizkari honi. “Birziklatze kontuetan egin behar denaren eredu zarete”, zioten.

Hemen ikusitakoa ezaguna zaie haiei. 14 urte daramatzate Segarra aldean hondakinak atez ate biltzen. “Birziklatze maila oso ona dugu, baina pixka bat geratua egun”, ohartarazi digute. Praktika on eta esperientzia arrakastatsuak ezagutu nahian dabiltza, “jarria dugun sistema nola hobetu dezakegun” jakiteko. Egun, Segarra eskualde mailan %50eko birziklatze maila dute, inguruotan gertatzen den moduan, han ere zenbait udalerritan bestelako bilketa sistemak baitituzte. Atez atekoa duten lekuetan, birziklatze maila %70ekoa izatera heldu dira. Aipatu moduan, ehunekook hobetu nahi dituzte. Esaterako, erabiltzailearen identifikazio lanak hobetu nahi dituzte, edota larrialdi guneetarako sarrera kontrolatu, adierazi digutenez.

Bisita betean harrapatu genituen kataluniarrak. Ikusitakoaz inpresio oso ona zutela adierazi ziguten. Haienarekin alderatuta oso sistema aurreratua dugula, eta bisita ostean baloratuko zutela hemen ikusitakotik zer egokitu dezaketen euren errealitatera. Hain zuzen, badute Usurbilen antzeko udalerri bat Segarra eskualdean, beste bat 10.000 biztanlekoa, eta 25-1.000 biztanle arteko 105 herri gune.