7 urte zaborra, birziklatu eta berrerabil zitekeen lehengaian bihurtu zenetik. 7 urte, ohitura aldaketa txiki batek hondakinen kudeaketa ereduan aldaketa sakona ekarri eta gaikako bilketa datuak irauli zituenetik. 7 urte, udalerri honek zero zabor bidean urrats handia eman zuenetik. 7 urte, Euskal Herrian aitzindari, eta inguruan nahiz urrutirago bizi direnentzat ere udalerri hau eredugarri eta erreferentean bihurtu zenetik. 7 urte Usurbil, hondakinen kudeaketaren praktika onen mapan kokatua dagoenetik. 2016ko martxoak 16 ditu gaur, ohiko asteazkena dugu udalerri honetan. Baina atzera begira jarrita, ahaztezina den urtemuga eguna dugu; 7 urte bete ditu atez atekoak Usurbilen.
2009ko martxoaren 16an abiatu zen bilketa sistema berria. Lehenago eta geroago ere, hondakinen kudeaketaren gaia pil-pilean izan dugunez, gertakari mordoa izan da azken urteotan. Atez atekoak 7 urte bete dituen egun honetan, bilketa sistema honek Usurbila ekarri dituen aldaketok nabarmendu ditugu. Jakina, urteoz kontatzeko askoz gehiago bada.
Usurbilgo Atez Ateko Bilketak, 7 urte
2008an zehar: atez ateko bilketaren nondik norakoak herritarrekin batera zehazteko, Usurbilgo Udalak parte hartze prozesua antolatu zuen auzoz auzo.
2009/01-03: azken prestaketa lanak; kuboen banaketa, zintzilikagailuak jartzea...
2009/02/13: ezohiko osoko bilkura. Atez ateko bilketa abiatzea onartu zuen udalbatzak.
2009/03/14: edukiontziak agurtzeko ekitaldia ospatu zen. Larunbat horretan kendu zituzten. Herriko kaleak edukiontzietatik libre geratu ziren.
2009/03/16: atez ateko bilketaren hasiera. Udal langileek bildu zuten lehen hondakin zatia; organikoa. Ikusmin handia, baina normaltasuna nagusi lehen egunetik. Handik gutxira, gaikako bilketa %28 ingurutik %82 ingurura igo zen.
2010/02/27-28: hondakinen kudeaketa ereduari loturiko herri galdeketa historikoa Usurbilen. Herritarrei galdetu zitzaiena: "Zein bilketa sistema nahi duzu Usurbilerako?". Atez atekoa garaile. 1.927 bozka atez atekoaren alde, 1.472 5 edukiontzien sistemaren alde. 4 edukiontzien aldeko 26 bozka. Parte hartzea, %70ekoa.
2010/03/12: atez atekoa goraipatu, zero zabor bidean sakondu eta erraustegiarentzako moratoria eskatzen zuen Usurbilgo Ituna sinatu zuten eragile sozial, sindikal eta politiko anitzek, Donostiako Kursaalen.
2011/03/20: errausketaren aurkako eta alternatiben aldeko flash mob jendetsu eta historikoa Zubietan.
2011/11/26: lehen auzokonpostatze gunea inauguratu zuten Errekatxikin. Ordurako ia 600 sendi ari ziren organikoa konpostean bihurtzeko lanetan. Gerora, konpostatze guneak eta egitasmo honekin bat eginiko sendiak ugaritzen joan dira.
2012/07/16: Garbigune berriaren inaugurazioa Atallun. Kalezarko Pikaolakoa ordezkatu zuen. Zerbitzuen zabaltze eta hobetzea.
2014/07/06: Hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berria martxan jarri zen. Erreusari aplikatu zitzaion. Erreusaren bilketa bi asterokoa izatera igaro zen.
2015/07/01: atez ateko bilketa martxan jarri zuten Zubietan, Usurbilgo partean. Donostiako lurretan bizi direnei atez atekora batzeko aukera eskaini zitzaien.
2016/03/16: atez ateko bilketak 7 urte. Usurbilgo gaikako bilketa, %83,61koa da, Usurbilgo Udalaren 2015eko datuen arabera.