Donostia-Beterri eskualdeko udalek (Usurbilgoak tartean), Foru Aldundiaren laguntzaz eta Urola Erdiko Berrikuntza, Iraurgi Berritzen Garapen Agentziarekin eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, Beterri eta Urola Erdia eskualdeetan berrikuntza soziala lantzeko antolatu duten Urberritzen prozesuko bigarren topagunea egiten ari dira asteazken goiz honetan Potxoenean. Eskualdearen garapen-eredua edota "adostutako markoaren baitan kokatzen diren proiektuak identifikatzea", gaiok hartuko dituzte ahotan, eragileei zuzenduta deitu duten hitzordu honetan.
Urola Erdikoekin batera
Otsailaren 26an Hernaniko Gabriel Zelaia eraikinean egin zen eragileen arteko lehen topagunearekin abiatu zuen Urberritzen prozesua. Iaz martxan jarritako Beteberritzen egitasmoaren segida da honakoa, bigarren fasea, otsailetik ekainera garatuko dena. "Topagunea izeneko elkarlanerako gunea sortu da eskualdeko eragileekin batera. Gune horretan, batetik, Beterri eskualdeko tokiko garapenaren gaineko gogoeta egin eta garapen-eredu berri baterako oinarriak adostuko dira. Bestetik, eskualdeko eragileen arteko elkarlanerako proiektu berriak identifikatu eta horiek martxan jartzeko urratsak zehaztuko dira", Elhuyar Aholkularitzak ohar bidez berri eman duenez.
Lehen saioan, proiektuaren lan-ildo nagusiak azaldu zituzten. "Lehen Topagunean prozesuaren xehetasunak azaldu ondoren, hitzaldiek eta talde-lanak hartu zuten lekukoa, eta aukera izan zen tokiko garapena sustatzeko helburuarekin beste eskualde batzuetan lanean ari diren bi esperientzia interesgarri entzuteko, Lea-Artibai eta Debagoienekoa, zehazki. Azaro Fundazioko Leire Arrizabalaga eta Bagarako Nagore Iraola izan ziren hizlariak, eta horien azalpenetatik, Beterrirako baliagarri izan daitezkeen hainbat gako identifikatu ziren taldeka. Taldeetan ateratako ondorioak oinarri, hurrengo saioetan gaian gehiago sakontzeko aukera izango da", adierazi dutenez. Horretarako hiru saio deitu dituzte, gaurkoa, apirilak 20 eta maiatzaren 4koa.
Bi eskualdeen arteko topaketa etorriko da gero, "Urola Erdiko Berrikuntza eta Garapen Agentziarekin batera, Trukegunea izeneko saioa egingo dute maiatzaren 18an, bi eskualdeek elkarrengandik ikas dezaten eta esperientziak truka ditzaten". Urberritzen prozesua borobildu eta ikasitakoa partekatzeko, azken saio bat iragarri dute ekainerako.
Prozesu irekia
Hurrengo saioen egutegia:
-Apirilak 20 eta maiatzak 4: Topaguneak.
-Maiatzak 18: Trukegunea.
-Ekainean: prozesu amaierako jardunaldia.
Datozen saioetarako izena emateko:
688 684 956
688 685 586
Informazio gehiago:
http://berrikuntzasoziala.elhuyar.eus