Etxebizitzetan igogailuak jartzeko oztopo gutxiago egun

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 17a, 08:30

Etxe jabeen artean eztabaida eta desadostasunak eragiten segitzen duen gaia dugu igogailuena, bai behintzat, bizilagun guztien irisgarritasuna bermatu eta inor etxetik atera ezinik geratzea saihesten duen halako tramankulurik ez duten hainbat eraikinetan. Igogailua jartzeko egin beharreko inbertsioak bat baino gehiago atzera bota dezake, baina bada baita gai honi buruzko informazio falta ere. Desinformazio horri aurre egin nahian hitzaldia antolatu zuen Gure Pakea Elkarteak, ospatu berri duten Jubilatu Astearen baitan.

Interes nabarmena piztu zuen. 70 lagun bildu zituen Artzabalgo ekitaldian, legedia aldetik egon diren aldaketen berri eman zuen Gizarte Zerbitzuetako kide, udal arkitekto eta abokatu banak. Baita etxebizitzetako irisgarritasuna hobetzeko dauden baliabideen eta lanok egiteko dagoen diru-laguntza eskaintzaren inguruko argibideak ere.

Aho bateko adostasunaren beharrik ez

Aldaketa nabarmenena legedian eman da hain zuzen. Lehen, eraikin batean igogailua jartzeko ezinbestekoak ziren, etxe jabe guztien aldeko bozkak. Aho batez onartu behar zuten etxe jabe guztiek, igogailua jartzea. Egun, gehiengo osoa aski da. Alegia, etxe jabeen erdia baino gehiago igogailua jartzearen alde agertzen bada, aurka daudenek ere onartu beharra dute beste aldeak erabakitakoa eta ordaintzen lagundu, gainerakoek bezala.

Honez gain, legediak baditu igogailua jartzea errazten duten zirrikitu gehiago ere. 2013an indarrean jarri zen aldaketa baten arabera, eraikin batean igogailu baten beharra izan edota 70 urte baino gehiago dituen bizilagunen bat baldin bada, etxe jabeen akordiorik gabe, igogailua jartzera derrigortu ditzake bizilagun guztiak. Horretarako baina, bi baldintza bete behar dira; egin beharreko lanen kostuak, ezin du gainditu etxe jabeen 12 hilabeteetako ohiko gastuen kopurua. Egin beharreko obren gastuak kopuru hori gainditu eta bizilagunen bat hortik aurrerako diru kopurua, diferentzia, ordaintzeko prest badago, kasu honetan ere, 70 urtetik gorako edo irisgarritasun hobea izateko beharrean den bizilagun horrek, gainerako etxe jabeak igogailua jartzera behartu ditzake.

Hobariak eta laguntzak

Diru kontuez ari garela, egin beharreko inbertsioak atzera bota dezake norbait agian, eta igogailua jartzearen aurka agertu. Artzabalgo hitzaldian ziotenez ordea, laguntza ezberdinak daude etxejabeen eskura. Usurbilgo Udalak 2002. urtean onarturiko diru-laguntza lerro baten arabera, igogailua jartzeagatik, eraikineko bizileku bakoitzak gehienez 600 euroko laguntza jaso dezake. Honez gain, igogailua eraikitzeko, nahiz oro har etxebizitzako irisgarritasuna hobetzeko lanen lizentzia obrari, %90eko hobaria aplikatzen dio Udalak.

Eusko Jaurlaritzak bere aldetik, igogailua jartzearen truke Ogasunean desgrabatzen laguntzen du, diru-laguntza ematen dute baita interes baxuko maileguak eskatzea ahalbidetu ere. Igogailua jartzeko Gasteizko Gobernuari zuzenduriko eskaerak, Donostiako Andia kalea 13an kokatua dagoen lurralde ordezkaritzan bideratu behar diren arren, “Gizarte Zerbitzuetan laguntzen dute tramitatzen”, udal ordezkaritzak Artzabalgo hitzaldian adierazi zuenez. Bertan jaso dezakezue gai honi buruzko informazio gehiago.

Irisgarritasuna hobetzeko kontuan hartu beharrekoak

Igogailuaren kokapena

Kokapen hau izan behar du igogailua jarri nahi duenak eraikin batean. Lehentasun hurrenkera honetan tokiotan kokatu daiteke: eskailera zuloan; eraikin barruko patioan; fatxadan, partzela pribatuan; edo espaloian, zoru publikoan, zoru publikoaren zati bat esleitu ostean.

Irisgarritasuna hobetzeko baliabide motak

Eskaria handitzen doanez, baliabide eskaintza ere ugaritzen doa: igogailuak, arranpak, plataforma jasotzaileak, aulki mekanikoak, eskailera mekanikoak…

Irisgarritasuna hobetzeko lanen prozedura

-Lanak egiteko beharrezkoa: baimenak eta etxe jabeen adostasuna.

-Udal tramitazioa pausoz pauso: azterlan proposamena aurkeztea (hautazkoa), lanen baimen eskaera eta proiektu teknikoa aurkeztu eta onartzea; igogailua jartzea; igogailua erabiltzeko baimena eskatzea; Udalaren ikuskaritza; igogailua martxan jartzea.

Jubilatu Aste jendetsua

Pozik dira Gure Pakea Elkartekoak, igaro berri den Jubilatu Asteak izan duen harrerarekin. “Eskerrik asko benetan denoi, zuen parte hartzeagatik”, adierazi dute elkarteko zuzendaritza taldetik. Jendetsuak izan dira, gaurkotasun handiko gaiak tratatu dituzten ekitaldiak. Iktusari buruz DYAko sendagile batek eskainitako hitzaldira 80 lagun batu ziren. 70 bat etxeetako igogailuei buruzko saiora. Beste hainbeste jende bildu zen, Joxe Mari Soroaren kantu, txiste eta pasadizoak entzuteko antolatu zuten hitzordura. Ezusteko bakarra eguraldiak eman zien. Iraeta eta Azpeitia lotzekoak ziren ibilaldia aldatu eta Zestoatik abiatu behar izan zuten, aurrez izena emana zuten 21 lagunek. Jubilatu Asteari bazkari eder baten bueltan eman zioten amaiera igandean, beste 50 herritarrek.