AHT edota erraustegiaren aurkako Txirrinka, maiatzaren 20tik 22ra

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 17a, 13:00

"Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean, maiatzaren 20tik 22ra Euskal Herriko hainbat udalerri bizikletaz lotuko dituen Txirrinka ekimena egingo da, AHT Gelditu! Elkarlana Koordinakundeak eta hainbat eragile sozial eta sindikalek antolatuta. Txandakako bizikleta martxa honekin, Abiadura Handiko Trena, erraustegia eta gainerako proiektu suntsitzaileak salatu, eta egungo eredu soziala eraldatzeko deia zabalduko da. Zutabe bana abiatuko da, Ipar Euskal Herria-Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik, maiatzaren 20an. Bi egun geroago, zutabe guztiak Bergaran batuko dira.

Gipuzkoakoa Ipar Euskal Herrian, Hendaian abiatuko da maiatzaren 20an, ostiralez eta herrialdea iparretik hegoaldera zeharkatuko du. Biharamunean, Donostiatik Tolosarako bidean, gure artetik igaroko da:

Maiatzak 20, ostirala: Hendaia - Irun - Donostia (lo egin).

Maiatzak 21, larunbata: Donostia - Tolosa - Beasain - Urretxu (lo egin).

Maiatzak 22, igandea: Urretxu - Angiozar (Bergara).

Txirrinka ekimenaren aurkezpena

"AHT Gelditu! Elkarlana koordinakundeak eta hainbat talde sozial eta sindikalek 2016ko maiatzaren 21 eta 22an Txirrinka izeneko ekimena burutuko dute. “Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!” lelopean, txandakako bizikleta martxa honetako lau zutabek Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia zein Arabako lurrak zeharkatu ondoren AHTko Bergarako korapiloan elkartu eta helmugaratuko dira. Ekimen honen bitartez lurraren alde eta AHT zein proiektu suntsitzaileen aurkako aldarria zabaltzeaz gain egungo eredu soziala eraldatzeko deia ere egingo da.

Azken urteotan azpiegitura erraldoien plangintza eta eraikuntza amorratua izan da: garraio politika itxuragabea (AHT, autopista eta autobien sarea, itsas eta aeroportuak..), energia ezarketa ikaragarria (Garoña, zentral termikoak, fracking egitasmoak, goi tentsioko lineak..), ur eta beste baliabideen metaketa eta erauzketa neurrizgainekoa (urtegiak, ubideak, mehategiak, harrobiak...), zaborren tratamendu kutsakorrak (errauskailu eta zabortegiak nonnahi), eta oro har metropolizaziorako joera jasanezina. Azpiegitura hauek guztiak elkarren osagarri dira eta kapitalismoaren ezinbesteko oinarri. Proiektu horiek gauzatzeko baliabide naturalak zein ekonomikoak izan dira euskarri eta ingurua, berriz, hondakindegi. AHT horren adibide biribila dugu. Hitz batez, lurra hipotekatzen ari gara; horrela segituz gero hipoteka hau ezin izango dugu inolaz ere ordaindu eta orduan konturatuko gara ez dugula ordezko etxerik, ordezko planetarik: Parisen klima aldaketaren inguruan egin berri duten bezalako ekitaldiak zirko hutsa dira. Ekimen hau sustatzen dugunok, argi dugu natura zaintzea eta jendarte eredua eraldatzea gure ardura dela, geure zein hurrengo belaunaldiekin arduraturik gaudela eta ezin dugula lasai egon inguruan gertatzen ari denari begira.

Lurraren aurkako guda hau gelditu eta hainbeste azpiegitura txikitzaile behar dituen sistema hau irauli behar dugu, egungo eredu soziala goitik behera eraldatuz. Azpiegitura hauek bultzatzeko erabilitako errekurtsoak jendearen zerbitzurako jarri behar dira. Ezin dugu onartu milioika milioi € azpiegituretan gastatzen diren bitartean, langileak esklabutzatik gertuko egoeretara kondenatzea, jendea beren etxeetatik erauzi ondoren kale gorrian bizitzera zigortzea, etorkinak gaizkile gisa tratatzea, zerbitzu publikoak pribatizatzea. Oro har, ezin dugu onartu kontsumismoa harro-harro bultzatzen den aldi berean prekarietatea eta bazterketa inoiz baino gehiago zabaltzea. Hori dela eta kalera irtetearen beharra dugu. Txirrinka ekimenak aukera ezin hobea eskeintzen digu lurraren alde eta azpiegituren aurka mugitzen ari direnen arteko sarea indartzeko eta jendarte eredu berri baten alde ari garenok bat egiteko. Zure taldearekin txanda bat osatu, bizikleta hartu eta borrokaren lekukoa eskuz esku pasatu. Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu eta AHT zein azpiegitura txikitzaileak borrokatu!"

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Irudia eta bideoa: piztu.info