23 ekimenekin abiatuko du Udalak, "Geroa da Oraina" gobernu plana

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 17a, 13:25

Orain hasi eta datozen 4 urteotan, 2020ra bitarte gauzatu asmo dituen 118 ekimeneko bide-orria aurkeztu zuen Usurbilgo Udaleko gobernu taldeak pasa den otsailaren 25ean Sutegin. Proiektuen zerrenda osoa, usurbil.eus atarian kontsultatu dezakezue. 118 ekimenok sei multzo handietan sailkatu dituzte:

1-Herria: "gure espazioen erabileraren arautzeari eta baliabide naturalen babesari dagokiona".

2-Ongizatea: "usurbildar guztion ongizatea bermatzeari dagokiona".

3-Nortasuna: "Usurbilgo herritarren balore eta ezaugarriei dagokiona".

4-Usurbildarrak: "Adin eta gizarte ezaugarrien araberako politikei dagokiena".

5-Udal funtzionamendua eta herritarrekiko harremana: "Udalak herritarrei eskaini beharreko zerbitzua hobetzeko hartuko dituen neurriei dagokiena".

6-Etorkizuna: "Etorkizunako Usurbilgo herriaren eta herritarren oinarria gaur gaurkoz lantzen hasteko urratsei dagokiena".

Egitasmo guztion segimendua egin, bidean sor daitezkeen ekimen berriei leku egin, hurrengo urrats eta planifikazioak zehazteko, Jarraipen Batzordea martxan jartzeko asmoa du gobernu taldeak. "Gobernu Planaren jarraipenerako sorturiko batzordeak, egitasmo hauen betekizun maila neurtuko du, hurrengo faserako helburuak ere zehaztuz, iragarri zen bezala", Usurbilgo Udaletik aditzera eman dutenez.

"Geroa da Oraina" gobernu programa aurkeztuta, iragarritako ekimenak gauzatzen hastera doaz. "Lehen fase honetan 23 egitasmo jarriko ditu indarrean, sei atal horietatik abiatuz eta Gobernu Planaren asmoetan zegoen bezala, auzo, adin edo jende talde ezberdinak aintzat hartuz", Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez. Honatx 23 ekimenon zerrenda. Batzuk jada gauzatu dituzte:

1-Mugikortasun eta espazio libreen plana idatzi eta abian jarri.

2-“Errioa bizi!” Oria ibaiaren paisaiarako ekintza-plana garatu.

3-Argikuntza sarea progresiboki berritu, kontsumo baxuagoko LED argiak jarriz.

4-Ur zikinen sarea Loiolako araztegiarekin lotu eta Aginagatik Usurbilerako zatia bideratu.

5-Komun publikoa jarri Askatasuna plazan.

6-Herri garbiketarako makineria ordezkatu zarata eta kutsadura txikiagoa sortzen dutenengatik.

7-Herri eragileekin batera “erraustegiari stop!” aldarria babestu eta lanari jarraipena eman.

8-Energia berriztagarrien aldeko eta energia kontsumoa murrizteko zerga hobariak aplikatu.

9-Pobrezia energetikoaren aurkako neurriak hartu, aholkularitza zerbitzua eta lagunza sistema antolatuz.

10-Udalaren Oinarrizko Lanbide Heziketa Eskolan ile-apainketa eta estetika zein sukaldaritza eta zerbitzari ikasketak eskaini.

11-Enpresen berrikuntza teknologikorako Barnelkar eta Kit programak abiarazi.

12-Urberritzen proiektuarekin eskualdeko berrikuntza sozialean eragin.

13-Usurbil herri-txartela martxan jarri herriko merkataritza eta ostalaritzaren promoziorako.

14-Usurbil txanpona indarrean jarri.

15-Boulderra martxan jarri.

16-Kiroldegiko beheko gimnasioko lurra aldatu.

17-Noauaren lana balioan jarri eta bere ekarpena handitzeko hitzarmena sinatu.

18-Herriko eragile kulturalak ahaldundu zuzeneko laguntzekin eta azpiegitura egokiekin.

19-Usurbildar berriei harrera instituzionala egin urtean bi aldiz.

20-Eguneko zentroko eskaintza handitu.

21-Udalaren webgunea biziberritu.

22-Indarkeria matxista eta sexistaren aurkako protokoloa sinatu.

23-Emakumeentzat ahalduntze ikastaroak eskaini.