Jakinmin nabarmena pizten ari dira, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea herriz herriz eskaintzen ari den hitzaldiak. Astelehenean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izan ziren. "Osasuna eta errausketa: errauste plantek pertsonen osasunean eragiten duten arriskua", horren inguruan jardun zuten Maialen Berridi, Jose Cruz Villandiego, Jose Luis Paulin, Xabier Mitxelena eta Marta Barandiaran doktoreek. "Mila esker guztioi hitzaldian egoteagatik. Harrera bikaina izan genuen eta gaia luze eta zabal azaltzea lortu genuen. Jende askok parte hartu zuen. Mila esker parte hartzeagatik!", adierazi du sare sozialen bidez argitara emandako ohar bidez, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak.
Bertaratu ezin izan zutenentzat, saioko bideoa zabalduko omen dute laster. Halere, herriz herri egiten ari diren birari segida emango diote. Otsailaren 24an Lasarten izan ziren. Asteazkenean (eta ez iragarri genuen moduan, ostegunean. Barka eragozpenak), Villabonako Gurea Zinema aretoan. "Badakizu Zubietako erraustegia, zure herritik 5 kilometrotara egongo dela? Ezagutzen al duzu osasunarengan duen eragina? hitzaldia eskaini zuten, Xabier Mitxelena eta Maialen Berridi medikuek. Hitzordua, Aiztondoko erraustegiaren aurkako plataformak antolatu zuen. Villabonako saioak izan zuen harrerarekin ere pozik dira Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldekoak. "Villabonako hitzaldiak harrera oso ona izan du. Jende asko bildu da! Milesker hurreratu zareten guztiei. Gure taldeko hizlariak gustura agertu dira! Argi dago lotura dagoela gaixotasun eta errauste planten artean!", adierazi dute ohar bidez.
Saio gehiago ere iragarri dituzte sare sozialen bidez. "Gehiago jakin nahi duenak hurrengo hitzaldietan berri emango dugu. Astigarragan, Legazpian, Getarian, Lezon, Pasai Donibanen... egongo gara", iragarri dute. Taldearen jarraipena egiteko aukera duzue Facebook atarian, "OEIT GEIS. Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea. Incineradora y salud GE" izeneko orrialdean. Dituzuen zalantzak argitu eta galderak egiteko aukera ere baduzue atari berean.
Datu sendoak, hondakinen errausketa eta gaixotasunen areagotzea lotzeko
Azken egunotan, hedabideren batek Osakidetzak 2004an eginiko ikerketa batek dioena gezurtatu du Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, larunbatean Andoainen egin zen manifestazioan irakurri zuten adierazpenarekin. Beste behin, erraustegiek herritarren artean gaixotasunak areagotzen dituztela ohartarazi dute:
"Arratsalde on denoi.
Orain egun batzuk, prentsan argitaratu da amonaren kutxatik ateratako Sanidadearen ikerketa bat. 2004koa, ez sendagile ez osasungokoa ez den pertsona batek egina, argi eta garbi enkarguz errausketa justifikatzeko, eta ikerketen interpretazio makurrak egiten dituena. Ondorioak hitz anbiguoekin adierazten ditu: “ez dago arrisku erantsi signifikatiborik legedia errespetatzen duten planta modernoetan”. Zenbat eritasun edo zenbat hildako dira eurentzat “arrisku signifikatiboa”? Bestalde, soberan dakigu industria honek ez duela legea errespetatzen (legea biguinegia izanda ere), eta horregatik egin dira nonahi hainbat epaiketa, azkena orain gutxi Madrilen. Bada ezpada ere, orduko Osasun Publikoko buruzagiak esan zuen arriskua “minimoa” zela eta analisak egingo zitzaizkiela errauskailuaren ondoan bizi zirenei. Ez ziren hain lasai egongo.
Gure taldeak, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, sendotasun eta metodologiaren kalitateagatik gai honi buruzko ikerketa zientifiko serioenak aukeratu ditu, eta hortan oinarrituz, baieztatzen ahal dugu, 2004ko gure Manifestuan plazaratu genuen moduan, datu tinko eta sendoak daudela esateko hondakinen erretzea asoziatzen dela minbizi kasuen eta hilkortasunaren handitzearekin, sortzetiko malformazioekin, eta eritasun kardiobaskular eta arnasbidekoekin errauskailu batetik 10 km-ko inguruan bizi den populazioan. Baita ere errauskailu modernoen kasuan.
Ez aspertzeko, zertzelada batzuk bakarrik.
Sortzetiko malformazioetan aurkitu da %30eko erbi ezpainaren eta %55eko giltzurrun malformazioen handitzea; minbizietan %29ko gibel minbiziaren eta %14ko biriketako minbiziaren igoera; ez bakarrik minbizi kasu gehiago, baizik eta hilkortasun gehiago ere.
Hurbiltasuna eta kalitateagatik aipatu behar da Madrilgo Carlos III Institutoak egindako ikerketa. Hau da Estatuko erakunderik prestigiodunena holako ikerketan, eta 2012an eta Estatuko orduko errauskailu, beraz, moderno askoren datuekin, aurkitu du beren inguruneko 5 km-etan minbiziaren hilkortasunaren handiagotzea: esaterako, pleurakoa, %84koa, besikulakoa %24koa eta leuzemietan %21koa, besteak beste.
Hona ezagutza zientifikoak irakasten diguna, eta osasun-langile moduan gure betebeharra zabaltzea dela uste dugu, eta beraz arreta edo prekauzio printzipio aldarrikatzea, biztanleria ez kaltetzeko, hori behar du izan eta, irizpide funtsezkoena gai honetan erabakiak hartzeko.
Ez dugu nahi Gipuzkoako herritarrak eta, bereziki, gure familiak errauskailuek sortutako minbiziaren eta beste patologia batzuen ikerketetan erreferentzia izaterik etorkizuneko beste zientzialarientzat".