Otsailaren 20an espetxeetara antolaturiko martxak izan ziren Ezker Abertzalea murgildua dagoen Abian prozesuko lehen hitzorduak. Gero, herriz herri hainbat batzar deitu dituzte. Baita Usurbilen ere. Barne hausnarketa eta eztabaidara bideraturiko hiru saio guztira. Lehenengoa martxoaren 5ean egin zuten; "Balantze eta testuinguruaren egoeraren eztabaida". Bigarrena larunbat honetarako deitu dute:
Martxoak 19, larunbata
09:30 Batzarra Potxoenean: "Definizio estrategiko eta eztabaida eta etorkizuneko garapenaren zehaztapena".
Apirilak 16, larunbata
09:30 Batzarra Potxoenean: "Txosten erabakitzailearen aurkezpena, eztabaida eta bozketa".
Abian prozesurako aurkeztu duten txostena osorik, hemen: Abian txostena
Deitzailea: Usurbilgo Ezker Abertzalea.
Landutako txostenerako ekarpen bilketa
"Abian deituriko eztabaida ariketa egiten ari da Ezker Abertzalea, nazio askapena eta askapen soziala helburu eraikitako mugimendu iraultzailea", ohartarazi dute.
Testuinguru honetan, datozen asteotan barne eztabaidarako baliatuko den txostena landu dute. "Txosten honen helburu nagusia Zutik Euskal Herria-k ekarri zuen estrategia aldaketak eragindako ziklo politikoan aurrera nola egin behar dugun zehaztea da. Estrategia gaurkotzeko ariketa da, beraz, baina aldi berean Ezker Abertzalearen nortasuna eta batasuna berrindartzeko balio beharko luke. Ibilbidearen balantzea eta fase politikoaren azterketa ere egingo dugu, jakina, baina betiere aurrera begira norabide argi bat marrazteko asmoarekin", dio Abian prozesuari loturiko dokumentuak.
Txostenaz iritzia eman eta ekarpenak egiteko prozesua martxan da herriz herri. Baita Usurbilen ere. "Txosten honek irudikatzen duen norabide orokorra berresten dugun ala ez erabaki behar dugu. Horixe da guztion artean ebatzi beharrekoa. Antolakundeek egingo dituzten ondorengo eztabaidetan izango dute xehetasunetan sartzeko, zuzenketak egiteko eta ezberdintasunak argitzeko aukera, norberak bere esparrura egokituta", dio Abian eztabaida prozesurako aurkeztu duten txostenak.