Usurbilgo Udaleko gobernu taldearen analisia, GHK-ko tasen igoeraren harira

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 21a, 10:00

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak 2016rako onarturiko tasak "neurriz gain igo dituela" eta, Usurbilgo Udaleko gobernu taldeak gai honi buruzko ikuspegia azaldu du, etxez etxe banatu berri duten gutun honetan:

Usurbildar estimatua:

Gutun honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) hondakinen gaineko tasak neurriz gain igo dituela jakinarazi nahi dizut.

Abenduaren 31n argitaratu ziren GHKren 2016rako tasak, eta igoera nabarmena ekarri dute: errefusa tratatzeagatik mankomunitate guztiei 173,11 euroko tasa ezarri die, hau da %20 gehiago; eta organikoa tratatzeagatik, gure mankomunitateari 138,58 euroko tasa ezarri digu, hau da, %92 gehiago. Igoera hau dela-eta, gure analisia eta iritzia helarazi nahi dizkizut:

1-GHK-k ez du igoera hau azaldu, partekatu eta adostu udalekin, ez eta mankomunitateekin ere. Hala ere, igoera honen atzean Zubietako errauste-planta dagoela begi-bistakoa da. Izan ere, 2011n, Markel Olano Diputatu Nagusiaren lehen agintaldiaren bukaeran, GHKk banku zehatz batzuekin kontratu agresibo bat (swap bat) sinatu zuen erraustegia finantzatzeko. Esan behar da erakunde publikoetan horrelako kontratuak ez direla ohikoak izaten, eta gure udalean, esaterako, ez dugula inoiz swap produkturik onartzen.

2-Tasa igoera honek errefusaren zatiari ez ezik organikoaren zatiari ere eragiten dio. Erabaki honekin, atzera egiten da, ez duelako lehen bezala saritzen bilketa selektiboa ondo egitea. Horregatik, ez dugu onartzen GHKk aldebakartasunez mankomunitateei ezarritako errauste-tasa hau, Usurbilen %83 birziklatzen dugulako, Gipuzkoako bataz bestekoa %45 denean. Ez al lukete gehiago ordaindu behar gutxiago birziklatzen dutenek?

3-Pasa den legealdian Diputazioak errauste-plantaren proiektua bertan behera utzi zuen, herri eskari zabalari erantzunez. Diputazio berriak alternatiba baztertu eta Zubietako errauste-plantaren proiektua berreskuratu du. Birziklapenean buru belarri sakondu baino, nahiago izan dute Gipuzkoan berriz hondakinak erraustu. Bide horretan, lehen erabakia tasen igoera izan da. Ez da azken igoera izango ordea, azkenean errauste-plantarekin aurrera egiten badute, 2011n sinatutako kredituaz gain, eraikuntza bera ere ordaindu beharko dugulako denon artean (gutxi gorabehera 300 milioi gehiago). Hau horrela, hurrengo urteotan hondakinen tasan Gipuzkoan 300 eurotara inguratuko dela aurreikus daiteke.

4-Usurbil aitzindaria izan zen hondakinen prebentzio eta kudeaketan. Usurbilek hartutako bidea beste hainbat udalek jarraitu zuten gero, bilketa ereduan edota sentsibilitate lanean aldaketa garrantzitsuak emanez. Joera honi eutsiz gero, argi dugu Gipuzkoan errauste-planta ez dela beharrezkoa izango.

5-Dagokiguna, bidezkoa dena ordainduko dugu udal gisara, baina honekin batera jakinarazi nahi dizut gure eskuetan dugun guztia egingo dugula Zubietan errauste-planta eraiki ez dezaten, Gipuzkoak ezin duelako gehiago zorpetu, udal honek ez duelako gehiago ordaindu nahi beharrezkoa ez den azpiegitura batengatik eta, azken finean, beste alternatibak egon badaudelako, azken zazpi urteotan erakutsi dugun bezala.

Xabier Arregi Iparragirre

Usurbilgo Alkatea