Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazio nazionala deitu du apirilaren 9rako Gasteizen. Apirileko bigarren larunbatean, 13:00etan abiatuko da Bilbo plazatik, "11 eraso 12 erantzun. Feministok prest!" aldarripean. Mobilizazio honen bidez, indarkeria matxista salatu, mugimendu feministaren kriminalizazioa arbuiatu eta bortizkeriaren inguruko hausnarketa bat sustatu nahi dute deitzaileek.
Datorren manifestazio nazionalari atxikimendua adierazi zioten, Martxoaren 8ko elkarretaratzean parte hartu zuten usurbildarrek. "Feministok prest!" zioten kartelak eskutan zituztela taldeko argazkia atera zuten. Eta manifestazioko antolatzaileek, gauza bera egitera deitzen diete norbanako, talde zein eragileei. Apirilaren 9ko hitzorduari begira, atxikimendu kanpaina abiatu baitute, https://feministokprest.wordpress.com atarian. Bi modutara babestu daiteke Gasteizko mobilizazioa; "Feministok prest!" dioten kartelekin (irudiak blog horretan deskargatu ditzakezue) argazkiak atera eta feministokprest@gmail.com helbidera bidalita, #FeministokPrest traola baliatuta sare sozialetan zabalduz edota web orri berean dagoen formulario bat beteta.