Pobrezia energetikoari aurre egiteko mozioa onartu dute gaurko udalbatza plenoan. Ahobatez onartu ere. Eguneko aztergaien artean baziren beste bi puntu: hilerri berriko 8. lotearen inguruko eskubideen esleitzea eta Udalbiltzaren udal ordezkaritza aldatzeko proposamena.
Ezohiko izaeraz egin da gaurko plenoa. Datorren astean tokatzen zen berez, baina Aste Santua tarteko, astebetez aurreratu dute eta hortik ezohikoaren izaera.
Herritarrei laguntzeko hainbat egitasmo
Pobrezia egoeran daudenei energia-hornidura ez mozteko neurriak hartzeko helburuarekin, Usurbilgo PSE-EE talde sozialistak mozio bat aurkeztu du.
Fermín Orúe-Echevarría udal zinegotziak azaldu duenez, hasiera batean motzagoa zen bere proposamena. Udaletxeko gainontzeko bozeramaleei igorri zien mozio-proposamena, “eta EH Bilduk puntu batzuk jaso nahi zituela adierazi zidan. Hasierako mozioari beste hiru puntu gehitzea adostu dugu”.
Zazpi puntuko idatzian, “energia-pobrezian dauden bizikidetza-unitateak eta kolektiboak identifikatzeko adierazleak definitu ditzala eskatzen die Udalak Energiaren Euskal Erakundeari eta Gizarte Politiketako Sailari, Alduendiekin eta Udalekin batera. Txosten horretan zehaztu beharko lirateke pobrezia egoerari aurre egiteko neurriak”.
Pobrezia egoeran dauden usurbildarrei faktura ez ordaintzeagatik elektrizitate, gas edo ur hornidura moztu bazaie, edo moztu beharrean badira, zerbitzua “berriro ezartzeko behar diren koordinazio-mekanismoak enpresa hornitzaileekin finka ditzala, eta behar izenaz gero, hitzarmenak sina ditzala eskatzen dio udalbatzak Udal Gobernuari”.
Halaber, oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bitartez, “Gurutze Gorriarekin elkarlanean jardutea, eta laguntzen programa gure herritarrei helaraztea”.
Eusko Legebiltzarrean hartuta dauden erabakiak berretsi ditu Udalak. Nolanahi ere, “Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio programa bat garatu eta hornitu dezan, udaletako gizarte-laguntzekin koordinatuta, eta izaera erabat publikoa izango duena”. Antzeko ekimena eskatzen zaio Espainiako Gobernuari ere.
Eta azkenik, Udalak izaera sozialeko entitateekin hitzarmenak sinatzeko konpromisoa hartuko du, “horren bidez aholkularitza zerbitzu bat eman diezaien bai energia-pobrezia egoeran daudenei bai egoera larrian dauden herritarrei ere”.
PSE-EEko udal zinegotziak aurkeztu duen mozioak gainontzeko alderdi guztien babesa jaso du eta ahobatez onartu da.
Alaitz Aizpurua, Udalaren ordezkaria Udalbiltzan
Aginagako zinegotzia izango da Usurbilgo Udalak Udalbiltzaren organoetan izango duen ordezkaria. 2015eko udaberrian, udal legealdia hasi berritan, Xabier Arregi alkatea izendatu zuten funtzio horretarako. Baina orain, EH Bilduren udal gobernuak egokiago ikusi du lan hauetarako Alaitz Aizpurua zinegotzia izendatzea. Eta aldaketa hori egiteko proposamena egin du gaurko plenoan. Aldaketa-proposamenak EH Bilduren babesa jaso du. EAJ-PNV alderdiak abstentziora jo du.
Hilerri berriko 8. lotea esleitu da
Udalak hilerri berrian eskainitako hilobien gaineko eskubideak esleitu dira gaurko plenoan. 8. loteari dagozkion eskubideak, zehatzago esanda. Ahobatez onartu da plenora eraman den proposamena.