Zubieta, Aginaga eta Usurbil zeharkatzen duen errioarentzako albiste ezinhobea. Oriak biziki eskertuko duen berria. Urte asko behar izan dituzte baina amaitu dira, udalerri honetako ur zikinak Loiolako araztegira bideratzeko lanak. Orain arte errioan amaitzen zuten ur zikinak, aurrerantzean Donostiako araztegian bilduko dituzte. Eraikita eta jada lanean, martxan den kolektore batek garraiatuko ditu ur zikinok Loiolara.
Usurbilen sortzen ditugun ia ur zikin guztiak. Añarbek ezagutzera emandako 2015eko datuaren arabera, 620.000 metro ur kubiko sortu genituen iaz udalerri honetan. Kolektore berriak, kopuru horretatik 550.000 metro kubiko inguru bildu eta garraiatuko ditu Loiolako araztegira. Argi denez, ez guztiak beraz. Zenbait zonaldeetako ur zikinak oraindik kolektore honetara bildu gabe segiko dute. Usurbilgo Udaletik berri eman digutenez, Aginaga eta Zubietako zenbait zati kolektore honetatik kanpo geratuko dira. Zubietakoak aurten kolektorera lotuta geratuko omen dira, zenbait baserri inguru izan ezik.
Erronka, falta diren eremuak kolektorera lotzea
Eraiki den kolektorea, luzea dugu. Honatx Udalak eman dizkigun zenbait datu: Aginagako zatiak 3.480 metro ditu, Santueneko zatiak 639 metro, Zumartegi industriagunetik Zubietako Aliri pareraino doanak 2.936 metro eta handik Michelin pareraino heltzen den zatiak, 770 metro.
Martxan den arren, egunotan inauguratuko duten kolektorearen lanek luze jo dute. 2001. urtean erabaki zuen estatu mailako konfederazioak kolektore hau eraikitzea, Europatik errioak garbi mantentzeko datozen aginduei erantzunez. Baina lanak bideratu behar zituztenen diru faltak edota estatu mailatik izandako 3 milioi euroko murrizketak lanak atzerarazi ditu. 2013-14 urte artean ere geldiune bat ere izan omen zen. Lanak aurreko udazkenean amaitu zituzten. Probaldi batean egon da duela gutxira arte, eta orain, martxan da jada. Estatu mailako konfederazioa arduratu da lan hauetaz. Urteotan ordea, Usurbilgo Udalak lanon gertuko jarraipena egin du, bereziki Atallu bueltan edota “Santueneko lanen gainean egon gara” adierazi digute.
Atallu indutrialdeko eta Txokoaldeko lanak, egiteke
Baina bada oraindik zer egina, Udaletik ohartarazi digunetez. Atalluko baratzen ingurutik industriaguneko ur zikinak pasatzen direnez, hori saneatu eta garbitzeko asmoa dute. Eta lehen aipatu moduan, kolektorearekin bat egiteko falta diren zonaldeetako lanak egiteke daude; Txokoalde inguruan esaterako.
Aginagako zatiak 3.480 metro ditu, Santueneko zatiak 639 metro, Zumartegi industriagunetik Zubietako Aliri pareraino doanak 2.936 metro eta handik Michelin pareraino heltzen den zatiak, 770 metro.