Ospatu berri den “Borondateen Kriseiluak” ekitaldia, datorrenaren aurrerapen bat baino ez da izan. “Erabakiaren bidea lantzen jarraitu nahi dugu”, zioten Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeko kideek, martxoaren 11ko ekitaldi hasieran. Kriseiluak aireratu baino lehen, erronka handi askoa aurkeztu zieten bertaratu zirenei. Duela aste batzuk iragarri zuten moduan, herritarrek hitza hartuko dute datorren urtean; 2017. urtean herri galdeketa egingo da Usurbilen.
Hitzordu handi hau prestatzeko, herritarren laguntza behar du erabakitze eskubidearen aldeko bilguneak. Auzolanean landu nahi baitute galdeketa. “Hainbat batzorde osatu beharko dira elkarte bat sortzeko, galdera pentsatzeko, auzoz auzo, taldez talde eztabaida pizteko. Eta hori egiteko lan talde anitza beharko dugu. Ongi etorriak izango zarete”, adierazi zuten Borondateen Kriseiluak ekitaldian.
Maiatza edo ekaina aldera iragarri dute hurrengo hitzordua. Ordura arte, jakin dezazuen, ostiral arratsaldero biltzen segiko du Gure Esku Dagok Potxoenean. “Etorri gurekin lanera, gonbidatuak zaudete!”, luzatzen diete gonbita herritarrei.