Lauhaizeta Akordeoi Orkestra, Hernani, Irun, Lezo eta Usurbilgo Zumarte Musika Eskoletako akordeoi ikaslez osatuta dago. Orkestra honetako zuzendariak aipatutako musika eskoletako irakasleak dira: Maribel Insausti, Josu Sarasa eta Joxean Anduaga.
Orkestra honek bere ibilbidea 2005eko martxoan hasi zuen "Lezoinu 05" kontzertu zikloaren baitan. Honen ondotik hainbat kontzertu eman ditu Zarautz, Mutriku, Hernani, Donostia, Bartzelona, Madril, Sevilla, Burgos eta Galizian.
Bere lorpenik handienak 2007ko Arrasateko Nazioarteko Akordeoi Lehiaketan “Akordeoi Orkestra” mailan lortutako lehenengo saria eta 2008ko urrian Castelfidardo Nazioarteko Akordeoi Lehiaketan lortutako 3. saria dira. 2012an Kragujevac (Serbia) hiriko nazioarteko akordeoi aste ospetsuan hasierako kontzertua eman zuen.
Orkestra honek emandako azken kontzertua Salamankako San Blas Auditoriumean izan da. Kontzertu honetan Usurbilgo Zumarte Musika Eskolako Imanol Iribar eta Itxaso Orbegozo ikasleek parte hartu dute.
Zumarteko kantari gazteak, Haur Koruen Tailerrean
Haur Koruen X. Tailerra ospatu da Hondarribian eta Zumarteko abesbatzako kideak bertan egon dira. “Koru-errepertorio erakargarria, indarrez betea eta oso dibertigarria landu dute”, Zumartetik aditzera eman dutenez. Amaia Aldalur eta Junkal Guerrero zuzendarien esanetara aritu ziren. Interpretazio tailer bat ere egin zuten Aitor Gabilondorekin.
Azken egunean kontzertua eskaini zuten Kaputxinoen elizan: “kontzertu bikaina eskaini zuten ikasle guztiak eta lanean jarraitzeko gogoz daude”.