Martxoaren 25ean ostirala, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko hileroko elkarretaratzea egingo da. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituriko hitzordua 20:00etan hasiko da, ohi bezala, Mikel Laboa plazan.
Bestetik, preso politikoen nazioarteko egunerako, hau da, datorren apirilaren 17rako manifestazioa deitu dute Bilbon preso eta iheslari ohiek, “amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera” aldarripean.
Adierazpenean, euskal presoak etxeratzeko lanketan eta Bilboko manifestazioan parte hartzera deitzen dute. “Euskal preso politikoen Euskal Herriratzea eta etxeratzearen aldeko lanean murgiltzera gatoz. “Aski da!” ozenki aldarrikatzera. Mobilizatu eta eraginkortu egin behar dugu euskal jendartearen gehiengo oso zabal batekin partekatzen dugun delibero politiko hau. Sakabanaketaren aurka, presoen etxeratzearen alde lanean ari diren edota aldekotasuna adierazi duten eragile sozial eta instituzional guztiei elkarlanerako gonbitea luzatzen diegu”.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboari babesa adierazi diote. “Guk hauxe diogu, ozen: beraiekin bat egiten dugula jasaten duten bortizkeria sistematikoari aurre egiteko borrokaldi eta ahalegin guztietan, baita legedi barneko baliabideak erabiltzeko erabaki eta urratsak ematean ere”.