Autobus zerbitzuetako murrizketen aurka

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 25a, 10:00

Amarako autobus geltokia lekuz aldatu zutenean, Usurbil Donostiarekin lotzen zuen autobus zerbitzuko geltokia ere ezabatu zuten. Astigarraga ospitaleekin lotzen duten zerbitzua ere kendu egin dute. Asmo bera omen dute, Zestoa eta Eibar lotzen dituen zerbitzuarekin ere. Usurbil eta Lasarte, ospitaleekin lotzen duten autobus zerbitzua ere murriztu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gerta daitekeenari aurre hartu nahian, agerraldia egin zuen martxoaren 11n, Usurbil eta Lasarteko EHBilduk, Lasarteko jubilatuen egoitza pareko autobus geltokian. Eskaera argia egiten diote murrizketok aplikatzen ari den Diputazioari. “Usurbil eta Lasarteko EHBilduko ordezkariok Gipuzkoako Foru Aldundiari Ospitaleak, Lasarte-Oriarekin eta Usurbilekin lotzen dituen zerbitzuan murrizketarik ez egiteko eskatzen dugu”, adierazi zuten, Jone Urdanpilletak eta Pablo Barriok, Usurbil eta Lasarteko udal ordezkariek hurrenez hurren. Eskaera hau egiten diote Diputazioari, “herritarrei sortzen zaien kalteengatik. Inorentzat ez da gustuko Ospitalerako bidaia: adinagatik, eritasunagatik edota bertan aparkatzeko dauden zailtasunak direla medio, eta, zentzu horretan, Ospitaleko autobus lineak ezinbesteko zerbitzua betetzen du. Bestetik, zerbitzuan murrizketak ezartzeak lanpostuak desagertzea ere esan nahi du”.

 

Eragileei deialdia

Herritarrak eta eragileak adi egotera deitu dituzte. “Usurbil eta Lasarte-Oriako herritar, auzo elkarte, jubilatu elkarte eta bestelako eragileei adi egoteko eta mugitzeko gonbidapena luzatzen diegu: autobusaren alde mugitu orain, autobusean mugitu ahal izateko gero”, ziotenez.

 

Kezka herritarren artean

Herritarrak mobilizatzen hasiak dira; Astigarragan sinadurak biltzen aritu dira, edota Lasarte eta Usurbilgo Udaletan ere hainbat herritarren kexu eta sinadurak jaso dituzte. “Sare sozialetan eta Usurbil eta Lasarte-Oriako herritarren artean kezka bat sortu da Ospitalea eta herrien arteko zerbitzuen murrizketak direla eta. Kezka horrek badu oinarririk. Alde batetik, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa foru diputatu Marisol Garmendiak, legealdiaren hasieratik Garraio Publikoaren zerbitzuaren egokitzapenak bultzatuko zituela iragarri zuen. Egokitzapenak, orain arte, zerbitzu murrizketak izan dira”, EHBildutik ohartarazi dutenez.

 

Murrizketak beste esparru batzuetan

Murrizketen politika ez da autobus zerbitzuetara mugatzen. EHBildutik diotenez, “Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarean, adibidez, bizikleta eta bidegorrietara bideratutako aurrekontua herenera jaitsi da: 6 milioi eurotik 2 milioi eurotara”.