Eguzki: "Intertzeptorea garrantzitsua da, baina asko geratzen da egiteko"

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 29a, 13:38

Usurbil eta Lasarteko ur zikinak orain gutxira arte Oria ibaira isurtzen ziren. Jada ez ordea, martxan den kolektore berriari esker. Aurrerantzean udalerriotan sortutako ur zikin ia guztiak Loiolako araztegira bideratuko ditu kolektore berri honek, asteotan berri eman dizuegun moduan. Albiste bikaintzat jo du Eguzki ekologi taldeak, "baina oraindik egiteko asko" dagoela diote. "Intertzeptorearekin ez da inola ere saneamenduaren arazoa bukatzen, oraindik asko direlako alor horretan egiteko dauden proiektuak, bai Orian bertan, baita beste ibai-erreketan ere", dio Eguzkik kaleratu duen idatzi batean. Honatx NOAUA!ra helarazi duten idatzia:

Intertzeptorea oso lan garrantzitsua da

Tamainari erreparatuta, Intertzeptorea oso lan garrantzitsua da. Hona hemen datu adierazgarri batzuk: 13.712 metro hodi, lau ponpa-etxe eta hainbat ekaitz-depositu berri Lasarte-Oriako, Usurbilgo, Donostiako eta Hernaniko lurretan eraikiak; ia 26 milioi euroko inbertsioa. Baina, tamaina eta kostua alde batera utzita, Intertzeptorea oso garrantzitsua da batez ere Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ur zikinak biltzea eta Loiolako araztegira eramatea ahalbidetzen duelako, behingoz ahalbidetu ere. Kontuan izan behar da orain arte Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ur beltzak (18.000 eta 6.000 laguneko herriak, hurrenez hurren) zuzen-zuzenean Oriara joan direla.

Oso atzerapen handia

Intertzeptorea azkenean lanean hasi dela nabarmendu dugu. Izan ere, atzerapena izugarri handia izan da. Lanak 2009ko azaroan hasi ziren, burutze-epea lau urtekoa zela. Alabaina, sei urte luze iraun dute, batez ere Estatuak (Estatuak ordaindu baititu) azken urteotan aurrekontuetan egin dituen murrizketen ondorioz. Dena dela, bi urteko atzerapen hori hutsaren hurrengo da kontuan hartzen badugu Lasarte-Oriak eta Usurbilek, Europako Saneamendu Zuzentarauaren arabera, beranduenez 2000. urtean utzi behar ziotela ur zikinak Oriara botatzeari. Egia esan, Euskal Herrian, oro har, saneamendu-planak atzerapen handiarekin burutzen ari dira.

Intertzeptorea martxan egonda ere, isuriek Oria kutsatzen jarraituko dute

Atzerapena hain da handia ezen baten batek, borondate onez baina gaia behar bezala ezagutu gabe, zera esan duen: “Intertzeptoreak amaiera emango dio 2016an zentzurik ez zuen anakronismo bati”. Baina Orian isuri kutsakorrak izatea anakronismoa baldin bada, Intertzeptorearekin ere anakronismoak iraungo du, isuri kutsakorrek jarraitzen dutelako, eta, are gehiago, erakundeek arazoa konpontzera orain arte baino baliabide gehiago bideratzen ez dituzten bitartean, ondoko hamarkadetan ere jarraituko dutelako. Planifikazioan horrela aurreikusita dago, gainera, geroago ikusiko dugun bezala.

Izan ere, Adunako araztegia 2013an martxan hasi zenez geroztik, egia da Intertzeptorea zela Oriako saneamendu-eskema orokorra osatzeko falta zen azken pieza handia. Baina egia da ere oraindik asko direla lotu gabe geratzen diren hari-muturrak, alegia, oraindik asko direla Oriara zuzen-zuzenean inolako tratamendurik gabe isurtzen diren ur beltz eta grisak. Urtarrilean onartutako Plan Hidrologiko berriak oraindik egin gabe dauden hainbat saneamendu-proiektu aipatzen ditu. Horietako bat Aginagakoa da. Baina Aginagakoaz laster hitz egingo dugu xeheago, beste idatzi batean. Oraingoan, Ziako errekaz mintzatuko gara, egin gabe dauden saneamendu-proiektuetatik oso adierazgarria delako.

Kasu adierazgarri bat: Ziako erreka

Ziako erreka Andoainen dago, eta baten batek pentsa dezake ez duela Usurbilekin zerikusirik. Oker dago, Ziako erreka kilometro eskasetara baitago, ibaian gora; beraz, hango zikinak berdin-berdin datoz Lasarte-Oria eta Usurbil saneatu berrietara.

Plan Hidrologiko berriak aipatzen dituen egin gabeko proiektuek, oro har, atzerapen handia pilatu dute, eta okerrena da, zenbait kasutan, behintzat, ez dela aurreikusten epe laburrean edo ertainean ere helduko zaienik. Horietakoa da Andoaingo Ziako erreka edo Errekabeltz. Erreka horrek Gudarien Etorbidea eta Ama Kandida inguruko auzo zein industrialdeetako ur zikinak biltzen ditu; hots, ez dira, ez, mendian sakabanatutako lauzpabost baserritako ur zikinak.

Erakundeek 2007. eta 2011. urte bitartean Gipuzkoako hainbat saneamendu-lan aurrera eramateko komenio bat sinatu zuten. Lan horietako bat Ziako errekakoa zen. Eusko Jaurlaritzak gauzatu behar zuen proiektua, 3,8 milioi euroko aurrekontua zuena. Urteak joan dira, ordea, eta Ziako errekak berdin jarraitzen du, hau da, saneatu gabe. Plan Hidrologiko berriaren arabera, orain 5 milioikoa da aurrekontua. Lehenengo milioia 2016. eta 2021. urte bitartean inbertitzekoa omen da; gainerako lauak, berriz, hau da, lan gehiena, 2022. eta 2027. urte bitartean! Beraz, inork erremediorik jartzen ez badu, Ziako errekak jarraituko du Oriara ur zikinak zuzen-zuzenean botatzen beste hamarkada batez, behintzat.

Glamour gutxiko proiektuak, baina ezinbestekoak

Gauzak horrela, berriro esango dugu: Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Intertzeptorea garrantzitsua da, baina asko geratzen da egiteko. Intertzeptoreak puntu eta jarrai izan behar du saneamenduan, ez puntu eta bereiz. Are gutxiago puntu eta buka, jakina.

Plan Hidrologiko berrian errepikatzen den ideia bat hauxe da: egiteko dauden proiektuak egiten joango dira aurrekontu publikoek ahalbidetzen duten neurrian. Baina erakundeek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, saneamendu-proiektuetara behar beste diru bideratzen ez badute, beste lehentasunak dituztelako izango da, beharbada proiektu “estrategikoagoak”. Saneamendu-proiektuak oinarri-oinarrizkoak bai, baina “estrategikoak” ez omen dira, eta ulertzen dugu politikoentzat ia edozer saneamendua baino glamurosoagoa izatea. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure erroetara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusirik dutenak.