Jakinmin handia pizten ari dira, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea herriz herri eskaintzen ari den hitzaldiak. Saioetako bat, martxoaren 14an eskaini zuten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. "Osasuna eta errausketa: errauste plantek pertsonen osasunean eragiten duten arriskua", horren inguruan jardun zuten Maialen Berridi, Jose Cruz Villandiego, Jose Luis Paulin, Xabier Mitxelena eta Marta Barandiaran doktoreek. "Mila esker guztioi hitzaldian egoteagatik. Harrera bikaina izan genuen eta gaia luze eta zabal azaltzea lortu genuen. Jende askok parte hartu zuen. Mila esker parte hartzeagatik!", adierazi zuen sare sozialen bidez argitara emandako ohar bidez, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak.
Bertaratu izan ezin zutenentzat, saioa osorik bideoz grabatu zuten. Sarera igo dute. Albiste honi atxikia duzue. "Ezin izan zinetenok joan oso interesgarria benetan. Errauste planten inguruan dudak dituzuenoi ikustea gomendatzen dizuegu. Eta gustatu ezkero zabaldu!!!", luzatu dute gonbita Facebook bidez, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldekoek.
Hitzaldi gehiago laster
Herriz herri egiten ari diren birari segida eman asmo dio Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak. Otsailaren 24an Lasarten izan ziren. Martxoaren 16an Villabonan. "Badakizu Zubietako erraustegia, zure herritik 5 kilometrotara egongo dela? Ezagutzen al duzu osasunarengan duen eragina? hitzaldia eskaini zuten, Xabier Mitxelena eta Maialen Berridi medikuek. Hitzordua, Aiztondoko erraustegiaren aurkako plataformak antolatu zuen. Villabonako saioak izan zuen harrerarekin ere pozik dira Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldekoak. "Villabonako hitzaldiak harrera oso ona izan du. Jende asko bildu da! Milesker hurreratu zareten guztiei. Gure taldeko hizlariak gustura agertu dira! Argi dago lotura dagoela gaixotasun eta errauste planten artean!", adierazi dute ohar bidez.
Saio gehiago ere iragarri dituzte sare sozialen bidez. "Gehiago jakin nahi duenak hurrengo hitzaldietan berri emango dugu. Astigarragan, Legazpian, Getarian, Lezon, Pasai Donibanen... egongo gara", iragarri dute. Taldearen jarraipena egiteko aukera duzue Facebook atarian, "OEIT GEIS. Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea. Incineradora y salud GE" izeneko orrialdean. Dituzuen zalantzak argitu eta galderak egiteko aukera ere baduzue atari berean.